Udako jaien egitaraua ezagutzera eman du Deriok

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 18a, 13:03

Uztailaren 24tik abuztuaren 3ra arte, jaietan izango dira Aldekone auzoan; Santiago, Santa Ana eta San Inazio ospatuko baitira. Egun horiek gozatzeko programa argitaratu du bere sare sozialetan Udalak.

San Isidro jaiak eta gero, udako jaien txanda helduko da Deriora, zehazki Aldekone auzora. Uztailaren 24 tik abuztuaren 3ra arte Santiago, Santa ana eta San Inazio jaiak ospatuko dituzte derioztarrek, eta, horregatik, Udalak egitaraua aurkeztu du.

Santiago bezperan, uztailaren 24an, eguenean Kresala taldearen eskutik erromeria izango da 23:00etan. Ondoren, DJ Porty izango da gaua girotuko duena. Hurrengo egunean, Santiago eguna ospatuko da goiz goizetik. 11:00etan txistulariak kalejiran irtengo dira, eta ordu beretik 14:00ak arte Txu-Txu trena herria zeharkatuko du; geltokiak kiroldegian, udako igerilekuetan, Aldekoneko bus geltokian eta San Kristobalen izango dira.  Bazkaldu aurretik, Lainomendi Dantza Taldeak dantza emanaldi bat egingo du.

Paella txapeleketa ere egingo da, 14:00etan aurkeztuko da, eta 17:30ean sariak banatuko dira. Saridun bakoitzak opari bat eta txakolina eskuratuko du. Arratsaldeko egitaraua osatuko dute Mus txapelketak eta haurrentzako jolasak. Gainera, Txu-Txu trena 16:30etatik 19:30etara martxan egongo da berriro. 20:00etan tortilla txapelketa aurkeztuko da, eta ordubete eta gerp sarituak jakinaraziko dira. Gaueko 21:30ean DJ Edu eta Tara agertokira igoko dira.

Santa Ana Egunerako goizeko egitaraua aurreikusten da: txistulariak kalejiran irtengo dira 11:00etan, ondoren meza egongo da, eta 13:00etan luntx txiki bat prestatu du Derioko Udalak.

Abuztua baino lehen, San Inazio

Uztailaren 31n San Inazio eguna izango da, eta honetan ere goizeko programa antolatu dute. 23ko egitaraua berdina izango da, orduak ezberdinak diren arren. Halere, bi aldaketa daude: otordua nagusientzat izango da bakarrik, eta 13:30ean Maricachi Imperial taldeak kontzertua eskainiko du.

Abuztuaren lehenengo domekan, 3an, San Esteban ospatuko dute derioztarrek. 11:00etako kalejirak hasiera emango dio  egun osoko programari. Meza eta gero, luntx eta haurrentzako jolasak izango dira, eta 14:00etan Sukalki txapelketa. Arratsaldean mus txapeleketa egingo da, eta 17:00etan Superheroiak antzezlana ikusteko aukera izango dute familiek. Jaiei amaiera emango diote talo solidarioak eta DJ Eduk eta Tarak.