Oporrak hartu baino lehen osoko bilkura ospatu zuen Derioko Udalak joan den martitzenean, uztailak 22; bertan, beste gai batzuen artean, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zen, lonjak etxebizitzak bihurtzeko aukera ahalbidetzea eskatzen zuena. Hori dela eta, udal talde politiko guztiek araudia prestatzeko akordio bat lortu zuten.
Adostutako erdibideko zuzenketak “HAPOren berrikuspenaren esparruan, lonjak etxebizitza moduan erabili ahal izateko behar diren hirigintza-irizpideak garatzen jarraitzea” du helburu. Horretarako, Derion zenbat lonjak dauden eta zein den beren egoera aztertuko du Udalak: kokalekua, bizigarritasuna, irisgarritasuna, segurtasuna edota osasungarritasuneko gutxieneko baldintzak, ikertuko dira besteak beste. Gainera, “pizgarri izan daitezkeen neurriak” sartzea balioztatuko da; batez ere, sortuko diren etxebizitzak alokairu sozialerako edo eskuragarrirako izango diren kasuetan.
Halere, Eusko Jaurlaritzak bizigarritasunari lotutako dekretuaren aldaketa onetsi arte itxaron beharko da, eta behin onartuta Derioko Udala hasiko da udal-ordenantza batean irizpideak zehazten. Bestalde, udal araudia onartuta dagoenean herritarrei eta lonjen jabeei informazioa helarazteko konpromisoa hartu du Udalak.
Sondikan ere bai
Bere aldetik, Sondikako Udala araudia prestatzen hasi da, eta uztailaren hasieran udal-ordenantzaren memoria argitaratu zuen. Bertan garatuko den testuak izango dituen edukiak zehazten dira: gutxieneko azalera, aireztapena, herri-bidetik sarbide independentea edota zein eremutan egin ahalko den. “Sondikak bizitoki eskasia duen testuinguru bati egin behar dio aurre [...] Egoera honen aurrean, Udalak beharrezkotzat jotzen du hiri-hazkundea areagotu gabe etxebizitzen eskaintza handitzeko neurriak hartzea, erabilerarik gabeko espazioak aprobetxatzeko formula bidez”, adierazten du dokumentuak, eta azaltzen du lonjak etxebizitzak bihurtzea izan daitekeela aukera ona.