Derioko Udalak Hiritarren Partaidetzarako Jardunaldia antolatu du, Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralaren baitan

Aikor aldizkaria 2025ko urr. 9a, 12:44

Derioko Udalak, Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integralaren baitan, Hiritarren Partaidetzarako Jardunaldia antolatu du. Jardunaldi hau datorren asteartean izango da, urriaren 14an, Kultur Birikan, arratsaldeko 18.00etan. 

Bilera ireki hau interesatua dagoen edozein hiritarri zein merkataritza eta ostalaritzari zuzenduta dago. Bertan plana aurkeztuko da, herritarrek bete zuten inkestaren emaitza nagusiak ezagutzera emango dira eta eztabaida eta hausnarketarako solasaldia irekiko da, “guztion artean irisgarriagoa den Derio bat eraikitzen jarraitzeko”, Udalaren esanetan. Horrez gain, “hobekuntza-lehentasunak” ezarriko dira, espazio publikoan, udal-zerbitzuetan eta mugikortasunean.

Bestalde, Udaleko talde teknikoak irisgarritasunarekin lotutako eta kale zein eraikinetan egindako landa-lanaren berri emango du. Honi buruz, Esther Apraiz alkateak azpimarratu du: "Irisgarritasuna ez da luxu bat, eskubide bat baizik. Gure bizilagunei entzunda bakarrik izango gara gai herri eroso, seguru eta bizigarriago bat diseinatzeko pertsona guztientzat. Horregatik, funtsezkoa da fase honetan parte hartzea". Honen bidez, Udalak hiri-garapen inklusibo eta iraunkorraren aldeko “konpromisoa berretsi” nahi du.