Derioko Udalak 2025-2028 Kirolaren Plan Estrategikoa aurkeztu du

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 18a

Derioko Udalak, pasa den azaroaren 12an, Derioko Kirolaren Plan Estrategikoa 2025-2028 aurkeztu zuen Kultur Birikan. Udalak plan hau “udalerrian kirolaren etorkizuna osasunaren, inklusioaren eta jasangarritasunaren ikuspegitik definitzen duen ibilbide-orria” bezala definitu du. Aurkezpen honetan 30 bat pertsona egon zirela dio Udalak, besteak beste, “kirol-klubetako ordezkariak, ikastetxeetakoak, udal-arduradunak eta herritarrak”.

Plana “parte-hartze prozesu batetik” sortu zela dio Udalak, 172 inkestekin eta udalerriko kirol klub eta eragileei egindako hainbat elkarrizketekin. Era berean, Udalak AMIA azterketa bat egin dela dio, “kirol-jardunari, kudeaketa-sistemari eta egungo azpiegiturei buruz”.

Plan hau “asmo handiko dokumentua” dela dio udalak, eta “datozen urteetan udalaren kirol-politika markatuko duten lehentasunak, konpromisoak eta ekintza zehatzak” jasotzen dituela dio. Planak 45 neurri baino gehiago aurreikusten dituela dio Udalak, bost arlo handitan banatuta, “irisgarritasunean, jasangarritasunean, euskaran eta gobernantza onean oinarritutako zeharkako ikuspegiarekin”.

  1. Udalaren Kirol Zerbitzua antolatzea: kirola zerbitzu publiko gisa erabiltzeko konpromiso politikoa indartzea.
  2. Kirol instalazioak: udal kirol instalazioak modernizatu eta handitzea.
  3. Kirol-zerbitzuen eskaintza: jardueren eskaintza zabaltzea eta kirol-jarduera irisgarria bermatzea.
  4. Klubak, kirol federatua eta ekitaldiak: elkarte-sarea indartzea, kirolaren garapenari egiten dioten ekarpena bermatzeko.
  5. Eskola-kirola: eskola-kirolaren eredua birbideratuko duen antolaketa-egitura garatzea.

Udal kiroldegiaren eraberritze eta handitzea hiru fasetan
Udalaren arabera, jasotako eskaera errepikatuenetako bat udal kiroldegia zabaltzea eta hobetzea izan da. Hori dela eta, “asmo handiko proiektu bat bultzatzeko konpromisoa” hartu duela dio, “instalazioak berritzeko eta egungo beharretara egokitzeko”.

Aitor Aurrekoetxea kirol zinegotziak azaldu zuen hiru fasetan banatuko zela proiektu hau, kiroldegiaren eguneroko jardueran ahalik eta eragin txikiena izateko. Lehenengo fasea 2026an hasiko da. “Proiektu hau Udalak herritarren ongizatearekin duen konpromisotik sortu da eta benetako eskaerei erantzuten die. Gure helburuak argiak dira: espazio berriak irabaztea eta aprobetxatzea, erabiltzaileek gaur egun dituzten beharrak betetzea, eta Derioko kirol-instalazioak modernizatzea irisgarritasun, funtzionaltasun eta iraunkortasun-irizpideekin”, adierazi du Esther Apraiz alkateak.

Hiru faseak honakoak dira:

1. fasea - Sarbidearen eremua

  • Ataria eta informazio-puntua handitzea.
  • Komunak, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea.
  • Eremu teknikoak eta administratiboak birkokatzea.
  • Wifi gune berria eta atsedenlekua.

2. fasea - Lurreko eremua

  • Eskola-aldagela berriak.
  • Abonatuen aldagelak hobetzea.
  • Muskulazio-gela eta TRX gunea handitzea.
  • Erabilera anitzeko areto berriak eta areto kolektiboen hobekuntza.
  • Segurtasuna eta irisgarritasuna indartzea.

3. fasea - Ur eremua

  • Aldagelak handitzea eta hobetzea.
  • Eskola-taldeentzako eremu berria.
  • Aldagela irisgarria hobetzea.
  • Ongizate-eremua sortzea.

Esku-hartze hauek futbol 11ko zelai berriaren eta taberna berri baten lizitazioarekin osatuko dira, eta planaren dokumentu osoa udal webgunean kontsulta eta deskarga daiteke.