Derioko Udalak eguzki-mapa bat jarri du herritarren eskura autokontsumo energetikoa sustatzeko

Aikor aldizkaria 2025eko azaroaren 20a

Derioko Udalak Eguzki Mapa Interaktiboa deituriko webgune bat jarri du martxan. Bertan, udalerriko eguzki-energiaren aprobetxamenduari buruzko informazio argi eta pertsonalizatua eskaintzen da.

Plataforma horretan, gainera, udalerriko teilatu bakoitzean zenbat eguzki-panel koka daitezkeen kalkulatzen du, eta honen onura ekonomiko zein ingurumen-onurak ere. Helburua da, Udalaren hitzetan, “informazio erabilgarria eta ulergarria eskaintzea herritarrei, Derioko bizilagunek modu autonomoan balora dezaten beren etxeetan, komunitateetan edo negozioetan (saltokiak, industria-nabeak, etab.) eguzki-energia instalatzeak konpentsatzen dien ala ez”, betiere “energia-eredu iraunkorrago baten alde egiteko” helburuarekin.

Eguzki-mapa ImpactE enpresak garatu du, eta funtzionalitate hauek ditu:

  1. Eraikinaren edo higiezinaren kokapena bilatzaile edo mapa bidez.
  2. Potentzial maximoaren eta optimoaren kalkulu automatikoa, kontsumo errealaren arabera.
  3. Panel kopurua, inbertsioaren gutxi gorabeherako kostua, errentagarritasuna eta urteko aurrezkiaren kalkulua.
  4. Ingurumen-onuren adierazpen bisuala (CO2 gutxitzea).

Honen inguruan, Esther Apraiz Derioko alkateak dio “urrats berri honek trantsizio energetikoaren abangoardian jartzen du Derio, herritarrak ahaldunduz informazio argiarekin eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko". Gainera, Udalak herritarrei dei egiten die mapa kontsulta dezaten eta aukera hori azter dezaten “jasangarritasunaren esparruan aurrerapausoak emateko, energia-gastuak murrizteko eta Derio berdeago eta buruaskiago baterantz aurrera egiteko”.