HABIA komunitatearen topaketa atzo Kultur Birikan

Aikor aldizkaria 2025eko abenduaren 5a

Atzo, Derioko Kultur Birikan, HABIA komunitatearen topaketa izan zen. Bertan, Txorierriko enpresak, erakundeetako ordezkariak eta hainbat eragile sozial elkartu ziren, guztira, 50 lagun baino gehiago. Ekitaldi honetan, HABIA hitzarmen berrien sinadura burutu zen. 

HABIA 2024an jarri zen martxan Txorierriko Mankomunitatearen eskutik, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Hizkuntza-aholkularitza teknikoa Ahize-AEKren bidez eskaintzen da, “doakoa eta pertsonalizatua”. Honen helburua “enpresetan euskararen erabilera modu eraginkorrean hedatzea” da, eta aldi berean, “praktika onak partekatzeko eta sinergiak sortzeko komunitatea indartzea”.

Topaketa honetan, ekitaldiaren gidari eta Ahize-AEKko aholkulari den Mertxe Mugikak honakoa esan zuen: “Euskaraldiaren urtea izan den honetan, hitzarmenkide guztiek —14 enpresek— erronka erraldoian aktiboki parte hartu dute. Horrez gain, 6 enpresak LanHitz dirulaguntza deialdiari esker proiektu sendoak garatu dituzte euskara- tratuak landuz, harrera-prozesuetan euskara txertatuz, sare sozialetan euskararen presentzia indartuz eta beste hamaika arlotan urrats esanguratsuak eginez”.

Komunitateak 21 enpresa eta erakunde ditu bere barne, eta horietatik zazpi aurten batu dira komunitatera:

  • Athletic Club
  • Gorka Izagirre Txakolindegia
  • Magalarte Zamudio Txakolindegia
  • Magalarte Lezama Txakolindegia
  • Delicass
  • Basalan
  • Ingeteam

Erakundeek aho batez azpimarratu zuten HABIA eredua erreferente bilakatzen ari dela, eta enpresak egiten ari diren ibilbide sendoa goraipatu zuten. Gainera, euskara, besteak beste, “hurbiltasuna, kalitatea, aurrerapena eta konpromisoa” dela azpimarratu zuten. Horrez gain, euskara enpresetan eraginkortasunez txertatzeko bideak badirela nabarmendu zuten, HABIAren esperientziak “argi uzten duen bezala”.