Deriok inbertsioak indartuko dituen ia 13 milioko aurrekontua onartu du

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 7a

2026a hasierarekin batera, Derioko Udalak urte berrirako bere aurrekontua onartu du. 2025ekoarekin alderatuta, aurrekontua %4,19 igo da eta guztira 12.886.673 euroko aurrekontua izango du aurten. Kontuak “erantzukizun eta iraunkortasun irizpideekin” diseinatu dituztela nabarmendu dute udal ordezkariek, “zorrik ez sortzeko eta gastu osoa baliabide propioekin finantzatzeko konpromisoari eutsiz”.

Esther Apraiz alkateak azpimarratu du aurrekontu “orekatu eta soziala” dela: “Batez ere, asmo handikoa da. Udal zerbitzuak indartzen jarraitzeko eta etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko aukera ematen diguten kontuak dira, Deriok udalerri modernoa, inklusiboa eta bizi-kalitate handikoa izaten jarrai dezan".

Aurrekontuak hiru ildo nagusi ditu. Batetik, oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzea, hala nola garbiketa, eraikinak eta espazio publikoak mantentzea, izan kultura, kirola edota gizartekoak. Bestetik, udal lan taldea sendotu nahi dute egitura” eraginkorrago eta egonkorrago batekin”, eta aldi baterako kontratazioen aldeko apustua egitea, premia justifikatuta dagoenean bakarrik. Azkenik, egonkortasun printzipioari eutsi nahi diote, zor publikora jo beharrik gabe.

Hain zuzen ere, inbertsioak dira Derioko 2026ko aurrekontuen ezaugarri nagusia, 827.996 euro bideratuko dituzte horretarako eta hiru dira proiektu nagusiak. Futbol zelaiaren inguruan taberna bat sortu nahi dute, 2026ko partaidetza bidezko aurrekontuetan gehien bozkatutako proiektua izan zela gogoratu dute. Udalerriko hainbat eremu estaltzeko intentzioa daukate, “espazio publikoen erabilera sustatuz”. Horrez gain, kiroldegia handitzeko eta modernizatzeko lehen fasea osatuko dute, azken parte-hartze prozesuetan jasotako eskaerari erantzunez.

Prozesua oraindik zabalik

Era berean, gogoratu dute aurrekontu-prozesua irekita egon dela talde politiko guztien ekarpenetara. Zentzu horretan, udal gobernuak oposizioko bi taldeek jasotako 21 zuzenketetatik 14 onartu ditu. PSEren zuzenketei dagokienez, bost onartu dituzte. Horien artean nabarmentzekoak dira frontoian eta Kultur Birikan aterpeak eraikitzeko aurreproiektuak, aterpeak baita Urkiola eta Unbe kaleetan eta Almazene eta kantxen arteko sarbidea hobetzea.

EH Bilduren onartutako bederatzi zuzenketei dagokienez, besteak beste hurrengoko proposamenak daude: memoria historikoari buruzko azterlan bat egitea –udaletik esan dute Gogorarekin harremanetan jarriko direla, eta hura gauzatzeko oinarriak ezarriko dituela–, Txosnako zirkulazioaren berrantolaketa, funts bibliografikoen saila handitzea, iturri bat eta paperontzi gehiago jartzea San Cristobalerako pasealekuan, rokodromo bat eraikitzea –gobernuak Aldekonen, elizaren ondoan, erabilera anitzeko gune berri bat sortzeko proiektuaren barruan sartuko du–, tokiko komertzioei laguntza handitzea –Udalak konpromisoa hartu du bonuen kanpaina bat aktibatzeko eta bonuetarako aplikazio informatiko bat garatzeko–, edo tokiko merkataritza digitalizatzeko eta lonja hutsen kopurua murrizteko ordenantza berri bat sortzea.