Amaitu dituzte Derioko Herriko plaza berrurbanizatzeko lanak

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 12a

Derioko Udalak Herriko Plazaren ekialdeko aldea eta tren geltokirako oinezkoentzako sarbidea eraberritu ditu, hau da, udalerriko espazio jendetsuenetako bat. Horrela, “irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta segurtasuna” hobetu dutela diote. 629.200 euroko inbertsioa osatu dute bertan.

Deriok albiste on batekin eman dio hasiera urteari: amaitu dira herriko plazako berrurbanizazio lanak. Legealdiko eta Derio 2030 estrategiako proiektu nagusietako bat da. Lehen “egoera kaskarrean” zegoen ingurune baten eraberritze osoa ekarri du, eremu “funtzionalagoa, irisgarriagoa eta erakargarriagoa” bihurtzeko helburua lortu dute. Hobekuntza nagusien artean daude oinezkoen joan-etorrien berrantolaketa, oztopo arkitektonikoen ezabaketa, berdeguneak eta elkarbizitzarako guneak sortzea eta argiteriaren erabateko berritzea, “espazioaren segurtasuna eta erosotasuna hobetuz”.

Horrez gain, haurrentzako gunea lekuz aldatu eta berriztatu dute, eta aire libreko ariketa gune berri bat sortu dute adinekoei bereziki zuzenduta, ”zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko”. Esther Apraiz alkateak “oso balorazio positiboa” egin du lan hauen amaieraz: “Derio bizigarriago eta atseginago baterantz aurrera egiten jarraitzen dugu, pertsona guztientzat pentsatutako udalerri baterantz. Horrelako jarduerekin, gure herritarren bizi kalitatea hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugu. Derioztarrei zein lanagatik, ikasketengatik edo beste arrazoi batzuengatik egunero bisitatzen gaituzten pertsonei konexio hobeak eskaintzen dizkiegu”.

Derioko Udaletik jakinarazi dute, bide beretik, “laster” amaituko dituztela Mungialde etorbidean zehar Herriko Plaza eta Landa kalea lotuko dituen bidegorri berriaren obrak. Horrela, herriko gune desberdinen arteko lotura erraztuko dutela uste dute. “Derioko Udalak hiri-eredu inklusibo batekin eta ingurunea errespetatzen duen mugikortasun osasungarriagoarekin duen konpromisoa indartuz".