Dagoeneko derioztarren egutegian gorriz markatutako ekintza da Kirol Gala. Herriko kirol talde eta kirolariei aitortza bat da “euren ibilbideagatik, konpromisoagatik eta udalerriko kirol-bizitzari egindako ekarpenagatik”. Aurten, adibidez, txapela Txorierri Basketland saskibaloi klubak jaso du, 2025ean 10. urteurrena ospatu baitzuten.
Esther Apraiz alkateak azpimarratu zuen ekitaldiak emaitzak bakarrik ez, transmititzen diren balioak direla garrantzitsuak: “Kirola gizarte eraldaketarako tresna indartsua da, eta gaur arratsaldean Derion haren sustapenean erreferente diren pertsonak txalotzen ditugu”. Era berean, nabarmendu zuen galak, sariak banatzeaz harago, “elkarrekin mugitzen den herri baten harrotasuna” ospatzen duela.
Gala, halaber, tokiko kirol-elkarte eta klubek egiten duten funtsezko lana ikusarazteko aukera izan zen. Derioko Udalak publikoki eskertu zuen Plan Estrategikoa lantzeko egindako ekarpena. Aitor Aurrekoetxea Kirol zinegotziak azken urteotan “kirol irisgarriago, inklusiboago eta kalitatezkoago baten alde egindako lana” azpimarratu zuen. “Aurten mugarri garrantzitsua ezarri dugu Derioko Kirolaren 2025-2028 Plan Estrategikoa onartuta; herritarren parte-hartzetik sortutako dokumentua da, eta 45 neurri zehatz jasotzen ditu kirola osasunaren, ongizatearen eta gizarte-kohesioaren eragile gisa indartzeko".
Gainera, Aurrekoetxeak gogoratu zuen 2026an hasiko dela Derioko Udal Kiroldegiaren eraberritze integraleko lehen fasea, “kirol instalazioen irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta erabiltzaileen erosotasuna nabarmen hobetuko dituen inbertsio estrategikoa”.
SARITUEN ZERRENDA
- Taldeak
- Untza Mendi Taldea.
- CD Derio (Emakumezkoen A eta Kadete taldeak).
- Emauseko pala egokituko ekipoa.
- Txorierri Basketland SK (Gizonezkoen eta emakumezkoen junior eta emakumezkoen senior taldeak).
- Kirolariak:
- Taekwondo:
- Doyan Kluba: Violeta Pérez Manzano, Alaitz Antón González, Pablo Jiménez Martín, Ane Arana, Izei Barcenilla, Ainhize Achutegui, Jon Jorge, Laura Jorge, Ane Vallo Zurdo, Aitor de la Torre, Garazi de la Torre, Lukas Fernández eta Leo Fernández.
- Garriko Kluba: Elaia García Madroñal.
- Kickboxing: Aitzol Bilbao, Amaia Cores, Olaitz Etxarri eta Aitor Arribas.
- Miragarri Taldea A.D.: Nadia Canales.
- Triatloia: Markel Cidón Uria.
- Atletismoa: Harriet Aketxe eta Zeiane Sagarduy.