Herriko Plaza eta Landa Kalea lotzen dituen bidegorria, amaitzear

Mikel Reina Barros 2026ko urtarrilaren 29a

Derioko Udalak Mungialde etorbidean zehar Herriko Plaza eta Landa kalea lotuko dituen bidegorri berriaren obrak amaitzear ditu. Mungialde Etorbidea Landa Etorbidearekin lotzen den eremuan pintura lan txiki batzuk falta dira bakarrik.

Bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbide gisa diseinatutako azpiegitura berri horrek txirrindularientzako errei esklusiboak eta oinez dabilenentzako gune berriak eskaintzen ditu, eta, gainera, tren geltokia zein Biziparka, udalerriaren iparraldean dagoen bizikleta-sarearekin lotzen ditu. “Herriko Plazan egindako berrurbanizazioarekin batera, ingurunea nodo intermodal moderno eta irisgarri bihurtu da, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua berretsiz”, esan dute.

Obrak 1.070.000 euroko inbertsioa izan du; horietatik 194.100 euro Europako Batasunak finantzatu ditu –Next Generation EU programaren bidez– Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Jata Ondo Landa Garapenerako Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Gainerakoa Udalaren aurrekontuaren bidez bete da.

Proiektu hau “Derio Ciclable 2023” udal estrategiaren barruan kokatzen da, eta 2023-2027 agintaldiko planaren parte da. “Derio 2030” estrategiaren baitan ere aurreikusten da, Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta.