Politeknika Txorierrik 45. urteurrena ospatu du

Mikel Reina Barros · Aner Mentxaka Alvarez 2026ko otsailaren 5a

Gaur, otsailak 5, urteurren ospakizunean elkartu dira hezkuntza zentroko protagonistetako asko. Bertan izan dira, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua edota Esther Apraiz Derioko alkatea.

Hasierako ideia 40. urteurrena ospatzea bazen ere, ezin izan zuten horrela egin pandemiagatik. Horregatik, agian, gogo bereziekin hartu dute 45. urteurreneko ospakizuna Politeknika Txorierrin. Familia argazkiarekin eman diote hasiera ospakizunei. Bertan agertu dira, irakasle eta ikasleak, egungoak eta urteetan zehar igarotakoak eta ordezkari eta eragileak.

Hain zuzen ere, zentroak izandako eraldaketa nabarmendu dute, egindakoaz “harro” agertu dira, baina aldi berean aurrera begira ere jarri dira. Juan Eugenio Diez zuzendariak azpimarratu du kooperatiba bilakatzea “erabaki estrategikoa” izan zela eta Txorierri eskualdeko “komunitatearen indarra” erakutsi zuela.

Pedrosa ere “hunkituta” agertu da Politeknika Txorierrik eskaintzen duen ereduagatik: “Kohesio soziala, kolaborazioa, metodologia, baloreak, konpromisoa edota digitilazioa dira zuen ardatz nagusiak eta gureak egiten ditugu”. Hezkuntza sailburuak Bizkai, Araba eta Gipuzkoak Lanbide Heziketako eredu propioa dagoela, “beste inon ez dagoena”, baina betiere lanean jarraitu beharra dagoela “elkarrekin eta etengabe”.

Apraiz Derioko alkateak ere hezkuntza zentroak herrian eta eskualdean duen “eragin positiboan” jarri nahi izan du arreta. “Politeknika Txorierri erreferentea da eta inguruko komunitatea aberasten du, besteak beste, gaur egun behar diren lan profiletara egokituz eta ikasleei lan irteera emanez”.