Kazetaria 2019ko abenduan hasi zen Prime Time ekoiztetxeko ‘En Jake’ saioan lanean. Hasiera batean erredaktore lanak egiten bazituen ere, laster kaleak hartu zituen erreportari lanak egiteko. Hasieratik MoJo (Mobile Journalism) sistema erabiltzen hasi zen, hau da, zuzenekoak mobilarekin grabatzen zituen. Horrela egon zen lanean 2025eko otsailera arte, mobilarekin lan egiteaz “nazkatuta”, kamera lankide bat jartzea lortu zuen arte. Uztailean esan zioten denboraldi berriari begira, mobilarekin berriro lan egitera itzuli beharko zela. Eguiak ezezkoa eman zuen eta erredaktore postura itzuli zen.
Iazko abenduan, Gabonetako loteriaren aurreko egunean, enpresak esan zion kalera atera beharko zela lan egitera mobilarekin. Ezezkoa mantendu zuen eta bi egunetara diziplina-espediente bat aurkitu zuen mahai gainean “diziplina ez eta konfiantza falta handia” osatu nuela esanez. Alegazioak aurkezteko lau eguneko epea eman zioten eta lanera ez joateko aukera bazuen ere, “lankideengatik” bere jarduna osatu zuen. Azkenean, kaleratu egin zuten. “Harrigarriena da kaleratze gutunean jarri zutela lan egin nituen lau egun horiek nire diziplina ezaren adibide bat zela”.
ETBko langile batzordeak kaleratzea salatu zuen. Hain zuzen ere, ez zen kaleratze bakarra izan ekoiztetxe berak beste langile bat kaleratu baitzuen jokabide berdinarekin. Euskal Herriko ekoiztetxe handien eredua honako hau dela kritikatu zuen langile batzordeak: “Beldurra eta prekaritatea”.
Albistea zabaldu ostean, langile batzordeak prentsa oharra kaleratu baitzuen, adiskidetza-ekitaldi batera deitu zuten derioztarra. “Kaleratze desegoki bat osatu zutela aitortu zuten eta horregatik indemnizazioa ordaindu beharko didate”. Aste honetan bertan sinatu dute akordioa.
Eguiak salatu du ekoiztetxe handiek horrelako jokaerak hartzen dituztela eta helburu dutela “langilea mehatxatzea eta bere eskubideengatik ez borrokatzea”.