Zaila bai, baina ez ezinezkoa

Aikor aldizkaria 2026ko martxoaren 5a

(Aner Mentxaka Alvarez)

Ainara Andueza Reija · AEK Txepetxa euskaltegiko ikaslea
Euskarak, eta euskaldunek, bere hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldia bizi dutenean oraindik badago esperantzako bidea. Hain zuzen ere, beti entzun izan da euskara ikastea oso zaila dela eta horrek euskalduntzea zailtzen duela. Ainara Andueza Reijak aitortu du ez dela “ikasteko hizkuntza erraza”, baina hizkuntza guztiak bezala. Bost urtetan C1 maila, hau da, erabiltzaile aditua izatea lortu du.

Lugon jaiotakoa da, Portugaleten bizi da, Zamudioko Parke Teknologikoan egiten du lan eta Derioko Txepetxa euskaltegian ikasten du. Harreman berezia dauka Euskal Herriarekin, familia Nafarroan dauka, aitaren aldetik, 33 biztanle dituen Anotz herrikoa da, zehazki. Bertan igarotzen zituen gaztetan udak eta euskal kulturarekin betidanik “lotura handia” izan duela dio. Batez ere bi lehengusuk erakusten zizkioten oinarrizko hitz solte batzuk. Euskal abestiak ere entzuten zituen eta horrela hiztegia pilatzen hasi zen: Belarriprest izaten.

“Beti sentitu izan dut nire barruan euskara ikasteko gogo eta ilusio hori. Txikitatik esaten nuen erdi galiziarra, erdi euskalduna nintzela. Ezin dut ulertu kultura baten parte izatea bere hizkuntza ezagutu barik, horregatik ikasi nahi nuen euskaraz hitz egitera”.

“Beti sentitu izan dut nire barruan euskara ikasteko gogo eta ilusio hori”

Iruñean osatu zituen ikasketak eta duela 5 urte joan zen Portugaletera bizitzera. “Euskal Herrian bizita, beharrezkoa ikusten nuen euskara jakitea”. Argi dauka. Euskara, beste gauza askoren artean, integraziorako bidea ere badelako. “Nire bikotearekin hitz egiten dut euskaraz, bera ere euskaldun berria da, baita kuadrillarekin batzuetan ere. Hala ere, oraindik kostatu egiten zait ni neu izatea euskaraz hitz egiterakoan, ez daukat arintasun bera, adibidez, txantxak egiterakoan”.

Euskara “oso polita” iruditzen zaiola dio eta horregatik betidanik “inbidia” sentitu du. Orain arte. “Ilusio itzelarekin” ekin zion, eta hizkuntza guztiak bezala, oinarrizko hitzekin hasi zuen bere bidea: koloreak, zenbakiak, asteko egunak… “Nire pentsatzeko modua aldatu behar izan nuen, euskaldunek bestelako pentsaera bat dutelako. Egiturak ere desberdinak dira, ez daude beste edozein hizkuntzatan”. Baina zein izan da gehien kostatu zaizuna? “Aditzak, zalantzarik gabe”. Aditzak egituratu behar dira eta aldagai askoren arabera moldatu. “Gainera batzuetan badaude batzuk oso gutxitan erabiltzen direnak”.

Lehen urtean A1 eta A2 atera zituen, bigarrenean B1 maila, hirugarrenean B2 eta iaz C1 mailari ekin zion. “Nire helburua beti izan da euskaraz hitz egin ahal izatea eta eguneroko elkarrizketa batean euskaraz eroso sentitu ahal izatea”. C1 lehengo EGAren (Euskararen Gaitasun Agiria) baliokidea da. Lehendabiziko saiakeran ahozkora arte gainditu zuen, baina aurrez aurrekoa errepìkatu behar izan zuen. 2025eko abenduan lortu zuen guztiz gainditzea.

“Ezin dut ulertu kultura baten parte izatea bere hizkuntza ezagutu barik”

“Ikasturte hasiera bakoitza gogorra egiten zitzaidan maila bakoitzaren arteko jauzia handia delako. Baina egia da ez dela ikasteko metodo klasiko eta tematia erabiltzen, eta horrek asko laguntzen du, azkenean konturatu barik ikasten duzu”.

Baina Anduezak ez du oraindik bere bidea amaitu, euskara ikasten jarraitzen du. “Batzuetan azterketekin itsutu egiten gara, gainditu nahi horrekin, baina nik beti argi izan dut nire helburua ez zela titulua lortzea, euskara egunerokoan erabili ahal izatea baizik”. Bideaz gozatu duela dio, “oso gustora” aritu izan dela eta klaseetatik kanpo ere “familia txiki euskaldun bat” sortu dutela: “Nahi izan ez gero oso erraza da euskal kulturan murgiltzea”.

Portugaleteko Euskaltegian hasi zituen ikasketak eta orain Derioko Txepetxa Euskaltegian dago, eta beste AEK-ko egoitza batzuekin alderatuta, “beste hizkuntza bat” ezagutzen ari dela dio: bizkaiera. “Giro askoz euskaldun zaharragoa dago eta hasieran kostatu egin zitzaidan apur bat egokitzea, hemen ere batez ere aditzen kontuengatik izan zen”. Aditz madarikatuak, zu zeu irakurle ere arazoak izango zenituen eta guzti. Hala ere, “oso eskertuta” dago Derion beste euskara bat ezagutu eta entzuten ari delako.

Klaseetatik kanpo ere euskal kulturan murgildu nahi hori nabaritzen zaio. Euskal irratia eta musika entzuten du, euskarazko filmak ikusi izan ditu eta bertsolaritza saioetara eta guzti hurbildu izan da. Hau da, euskal kontsumitzailea da. “Hori izan da beti nire nahia”.

Bere istorioa kontatzen duenean, jendea “harrituta” geratzen dela dio, “ez bakarrik Lugokoa izanda euskara ikasi dudalako, oso denbora gutxian lortu dudalako ere bai”. Bost urtetan euskaraz elkarrizketa bat egin ahal izatea “meritu handia” daukala esaten diote. Ezinezkotzat jo dute eta guzti.