Hainbat familiek kexak aurkeztu dituzte Osakidetzan, baina erantzuna berdina izan da guztientzat. Izan ere, Osakidetzak defendatzen du gutxieneko zerbitzuak beste pediatra batzuek estaltzen dituztela. “Ez dira espezialistak, eta ordu gutxi batzuk baino ez dira etortzen, ezta egunero ere”, diote gurasoek. Gauzak horrela, Sondika edota Zamudiora joan behar dira, baita Gurutzetako Ospitalera ere.
Osakidetzatik ordezkoa aurkitzeko lanean daudela badiote ere, Derioko gurasoek salatzen dute beraien seme-alabek ez dutela “erreferentziazko” pediatra bat, “batzuetan ezta pediatrarik ere”. Horrek jarraipena egitea eragozten duela diote eta jarraipena “beharrezkoa da garapen patologikoak edota anomaliak goiz detektatzeko”.
Bestalde, Osakidetzak jarritako lau profesionalek estaldura osoa bermatzen dutela diotenean gezurra esaten ari direla diote. “Zerbitzurik gabeko egunak eta asteak izan dira -greba asteak izan dira tartean-, beraz asistentzia ez da bermatu une oro”. Egoerak Txorierriko beste zentro batzuen gainkarga ekarri du, Zamudiora eta Sondikara, zehazki. “Familiak herri horietara bideratzea ez da irtenbide bat, arazoa lekuz aldatzea eta beste zentro batzuk kolapsatzea da”.
Horregatik, uste dute langileen kudeaketa ez dela “eraginkorra” izaten ari, ezta ordezkoaren bilaketa ere. “Ezin da pertsona bat orduz kanpoko borondatezko lankidetzak egiten ari, langileen borondate onaren mende gaude, eta ez plangintza publiko serio baten mende”.
Horrenbestez, “berehala” eskatzen dute Osakidetzak eta Uribeko ESIk “modu egokian” berma dezatela Derioko Osasun Zentroan pediatra egonkor bat egotea. “Pediatria adingabeen oinarrizko eskubidea, ez da aldi baterako lotutako erabakien menpe dagoen zerbitzu bat”.