Zapatuan aurkeztuko dute Derioko Altxa Burua taldea, Kultur Birikan

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 7a

Altxa Burua mugimendua Deriora ailegatu da eta taldearen aurkezpena egingo dute zapatuan, maiatzak 9, 11:00etatik 13:00etara, Kultur Birikan. Ez da ohiko aurkezpena bakarrik izango, umeentzako tailer bat, proiekzio bat eta mahai inguru bat antolatu dituzte. 

Hasteko, antzerki eta jolasen tailerra osatu dute 9 urtetik gorako umeentzat. Azaldu dutenez, bertan txikiek hainbat jolas ikasiko dituzte eta horretarako tresna bakarra “beraien irudimena” izango dela azaldu dute. “Jolas hauek lagunekin aisialdian zein familiarekin etxean praktikatu ahal izango dituzte”. Horrez gain, ‘Generación click’ dokumentala proiektatuko dute eta ostean mahai ingurua osatuko dute. Aurkezpeneko ekintzetan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute 605 76 64 64 telefonora deituz edota altxaburuaderio@gmail.com posta elektronikora idatziz. 

Haurrek pantailei ematen dieten “erabilera goiztiarrak eta desegokiak” kezkatuta, 2023an hausnarketa prozesu bat hasi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat guraso taldek. Prozesu horretatik sortu zuten Altxa Burua plataforma. Helburu dute gailu horiek izateko adina 16 urtera arte atzeratzeko ahaleginak egitea eta, bide batez, gaiaren gaineko gogoeta sustatzea. Dagoeneko 150 talde inguru daude Euskal Herri osoan, orain baita Derion ere.