Behin formatu egokia aurkituta, hobe ez aldatu

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 8a

Derioko jaiak
Herrikoiak. Parte hartzaileak. Alaiak. Modu askotara deskribatu daitezke Derioko San Isidro Jaiak, baina benetan ulertzeko eta disfrutatzeko ez dago jaietara hurbiltzea baino aukera hobeagorik. Aurten, maiatzaren 9tik 17ra ospatuko dituzte adin eta gustu guztientzako askotariko ekintzekin.

Derioko San Isidro Jaiak uda girora hurbiltzen zaituzten jai horietakoak dira. Askorentzako oporrak gero eta hurbilago daudela sentitzeko aukera da. Jaietako giro parte hartzaile, osasuntsu eta herrikoiak horretarako aukera ematen dute.

Are gehiago duela hiru urte bi asteburuetako formatua jarri zutenetik. Argi dago erabateko arrakasta izaten ari dela. Horrelakoetan, behin formatu egokia aurkituta, hobe izaten da ezer ez aldatzea. Ondo dabilena, hobe da horrela uztea. Hirugarren urtez jarraian errepikatuko dute egitaraua. Hau da, lehen asteburuan, maiatzaren 9an eta 10ean, herriko elkarteek ekintzak antolatuko dituzte eta bigarrenean, maiatzaren 14tik 17ra, ekimen nagusiak ospatuko dituzte.

Hain zuzen ere, maiatzaren 9an emango diete hasiera jaiei Derioko ekintzarik herrikoi eta parte hartzaileena: herri azoka. 11:00etatik 15:00etara osatuko dute eta askotariko eskaintza elkartuko dute kantxa estalietan. Herriko eragileek beraien lana ikustarazteko aukera ezin hobea izango dute. Hurrengoko elkarte eta taldeek parte hartuko dute: Marikobaso Espazioa, Marrazten taldea, Gure Señeak Elkartea, Tximintx Euskara Elkartea eta Haszten Elkartea. Gainera, artisauen azoka ere egongo da, baita taloen txosna ere.

Arratsaldean ere giro parte hartzailea nagusituko da kalejiran Kukudantza, Piperdun eta Lainomendiren eskutik. Maiatzaren 10ean, kirola izango da nagusi. Untza mendi taldeak antolatuta, 38. herri ibilaldia egingo dute, 08:00etan aterako dira nagusiak eta 09:00etan umeak. Kiroldegian, berriz, kirol jardunaldiak osatuko dituzte herriko hainbat kirol talderen parte hartzearekin: DKT Sport Team CD, Txorierri Basketland SK, Miragarri Taldea, Pozgarri FST, CD Derio eta Taekwondo Doyan. Arratsaldean, Lainomendik euskal dantzak eskainiko ditu herriko plazan.

Ohi bezala, eguenean emango diote hasiera bigarren asteburuari. Batetik, 2025eko umeei ongi etorri jaia egingo dute, eta bestetik, pintxo-potea Primo Bayorekin. Maiatzaren 15ean, San Isidro Egunean, egingo du eztanda jaiak. Derion jai eguna izanik, goizetik dago zeregina. Umeek, adibidez, puzgarriak, jolasak eta marrazki lehiaketa dituzte, frontoian.

18:30ean derioztar denak ala denak prest egongo dira herri kalejirarako. Zaprist! elektrotxarangak izango du jai- tsiera girotzeko ardura. Kontuak kontu 19:00etarako plazan egon beharko direla pregoia entzun eta jaiei hasiera ofiziala emateko. Hortik aurrera jai giroak ez du etenik izango, kontzertuek ez dute horretarako tarterik utziko: El Trastero, Sukena, Biznaga eta Dj Baalda. 90ko hamarkadako rock klasikotik hasi, pop euskaldunetik eta punketik pasatuz eta gaur egungo abestietara helduko dira txosnagunean.

Sanisidroetako beste ekintza nagusietako bat, jenderik gehien elkartzen dituenetako bat bai behintzat, paella txapelketa da. Derioztarrak goizean goizetik kalera aterako dira, izan ere, egun osorako toki egokia hartzeak berebiziko garrantzia baitauka. Xaiborrek girotuko du prestaketa eta 15:00etarako bazkari herrikoian elkartuko dira. Bazkalostea Yogurinha Borovak eta Aurori Badiolaren eskuetan egongo da, bingo musikatua prestatu baitute. 17:30ean egingo dute paella txapelketako sari banaketa. Nagusiek ere haien tartea izango dute txitxarrilloekin eta Ipar-Alde abesbatzaren kontzertuarekin.

Gazteak, motorrak ondo berotuta, kuadrillen arteko txapelketak jokatuko dituzte herriko hainbat txokotan eta musikaren laguntzarekin: Pakearen enparantza, Urkiola aparkalekua, Sollube kalea eta Besaide plaza. Hain zuzen ere, jai giroak, behin hasita, ez du etenik izango. Aurten, berriz ere, kontzertu handiak erakartzeko ahalegina egin dute. Horren adibidez da gaur egun denen ahotan dagoen La Txama taldea. Beraien doinu mexikarrek hartuko dute txosnagunea, cumbia, corridoak eta rantxerak nahasten baitituzte emanaldietan. Orekka erromeriak beti-betiko euskal abestiak interpretatuko ditu eta  DJ Ivan Alberdii izango da gaua ordu txikietara arte luzatzeko arduraduna.

Maiatzaren 17an 29. elikagai eta eskulangintza azokaren txanda izango da, 10:00etatik 14:00etara, Kultur Birika inguruan. Euskal tradizioekin jarraituz, emakumezkoen pilota jaialdia jokatuko dute frontoian, 17:00etatik aurrera. Egitarauko azken ekintzak txosnagunean elkartuko dira, Piperdun eta Kukudantzaren dantza erakustaldiekin eta txokolatadarekin San Isidro jaiei hurrengo urtera arte agurtu aurretik.