“Oso eskertuta gaude gure lan ikusezinari eman dioten erakusleihoagatik”

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 14a

(Aner Mentxaka Alvarez)

San Isidro jaiak hasi badira ere, barikuan, maiatzak 15, egingo dute eztanda ofizialki. Hain zuzen ere, Emaus-eko kideek izango dute udaletxeko balkoira igo eta pregoia eta txupina jaurtitzeko ardura eta ohorea. Aukeragatik “oso eskertuta” agertu dira.

Noiz eta nola jaso zenuten Derioko San Isidro jaietako pregoilariak izateko proposamena?
Sorpresa ikaragarria izan zen guretzako, baina aldi berean ardura handi bat ere bai. Bertigo sentsazio hori izan genuen, baina oso eskertuta gaude. Justu aldaketak izan genituen lan taldean eta horregatik denon artean proposamena aurrera eramatea erabaki genuen. Talde moduan egin nahi izan diogu aurre.

Zein izan zen zuen lehen erantzuna?
Oso pozgarria egia esan. Gainera, denbora generaman arlo komunitarioan ere lanketa egiten hasia ginen. Udalarekin eta Jai Batzordearekin harremana sendotu nahi genuen eta pregoilari izateak uste dugu prozesu hori arindu eta hobetu dezakeela. Abiapuntu bikaina izan daitekeela uste dugu.

Beraz, momentu ezin hobean iritsi zaizue aukera?
Bai, hori da. Aukera bikaina da egunerokotasunean egiten dugun lan guztia erakutsi ahal izateko. Batez ere, Derioko egunerokoan ere sartu nahi garelako eta herriko eragileekin hartu-emana osatu. Bozgorailu handia da guretzako. Urtean zehar antolatzen ditugun ekintzetako askok ez dute horrelako oihartzunik izaten. Guretzako komunitatea oso garrantzitsua da eta alde horretatik gure proiektua ezagutzea eta ezagutaraztea ezinbestekoa da.

Zer esan nahi du zuentzako pregoilaria izatea?
Inflexio puntu bat izan daiteke. Azken batean, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei bazterketa horretatik ateratzeko erakusleiho bat izateko aukera bat da. Ikusiezinak ikustarazten gabiltza. Komunitatearen aldetik errekonozimendu bat jasotzea, baita aitortza bat ere egunero egiten dugun lan guztiari.

Horretarako, ez dago herri mailan erakusleiho hoberik.
Hori da, eta bere momentuan iritsiko zaigu beldu eszeniko hori. Ilusio handia dugu urteko egun handienetako batean gure proiektua protagonista izatea. Oraindik lantzeko dugu zer eta zelan esan nahi dugun, baina lanean gabiltza aukera baliatu nahi dugulako.

Mezuari dagokionez, zer kontatu nahi duzue?
Erabaki behar dugu oraindik, baina zer egiten dugun azaldu nahi dugu, modu arin eta irisgarri batean. Esker oneko mezua gailenduko da, oso eskertuta gaudelako gure lan ikusezinari eman dioten erakusleihoagatik. Gainera, garrantzitsua iruditzen zaigu formatu aldetik ere arina izatea zentzu guztietan. Azkenean, Emausen egiten duguna azaldu nahi dugu. Herriaren parte izan nahi dugula aldarrikatu nahi dugu.