Untza mendi taldeak ‘Basuraleza’ ekimena antolatu du domekarako

Mikel Reina Barros 2026ko maiatzaren 21a

Untza Mendi Taldeak, Derioko Udalarekin lankidetzan, ‘Basuraleza – Zaindu zure ingurunea’ ekimenaren irteera berri bat antolatu du domekarako, maiatzak 24. Topaketa goizeko 10:00etan da, Herriko Plazan, eta handik Errekalde Parkera joango dira.

“Jarduera honen helburua naturguneak garbitzea eta ingurumenaren zaintzaren garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea da”, azaldu dute. Parte-hartzaileek naturan pilatzen diren hondakinak jasotzeko aukera izango dute, ingurune garbiago eta jasangarriago baten alde ekarpena eginez.

Gogoratu dute ekimena adin guztietako herritarrei zuzenduta dagoela, eta parte hartzera animatu dituzte derioztar guztiak. “Elkarrekin lan eginez, gure ingurunea zaintzea guztion ardura dela gogorarazi nahi da”. Ez da izenik eman behar eta hondakinak biltzeko behar den materiala Gurutze Gorriak eskainiko du.