Derio Lagunkoia proiektuak urratsak ematen jarraitzen du. Derioko Udalak sustatutako ekimenak prestakuntzan, hausnarketan eta esperientzien trukean oinarritutako lehen fasea amaitu du, eta irailetik aurrera etapa berri bati ekingo dio, diagnostiko parte-hartzaile bat martxan jarriz.
Azken hilabeteotan, 14 lagunek osatutako talde batek hainbat prestakuntza eta lankidetza saiotan parte hartu dute. Hainbat ibilaldi ere egin dituzte udalerrian zehar, Derio “beste ikuspegi batetik” begiratzeko, “herriaren indarguneak identifikatzeko eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagun dezaketen alderdiak antzemateko”.
Taldeak beste udalerri batzuetan garatutako esperientziak ezagutzeko aukera ere izan du. Adibidez, Lekeitio Lagunkoia taldea bisitatu zuten ekainaren 25ean, bertatik bertara ezagutzeko taldearen ibilbidea, azken urteotan garatutako ekimenak eta adineko pertsonek komunitate lagunkoiagoak eraikitzeko betetzen duten zeregina.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko talde eragilearen babesa eta laguntza izan dute, eta zahartze aktiboarekin eta herritarren parte-hartzearekin lotutako hainbat baliabide eta esperientzia ezagutzeko aukera izan du.
Esther Apraiz Derioko alkateak bereziki azpimarratu du parte hartzaileen inplikazioa: “Derio Lagunkoia gure herria egunero bizi eta ezagutzen duten pertsonei entzunez eraiki nahi dugun proiektua da. Adineko pertsonen esperientzia eta parte-hartzea funtsezkoak dira beharrak identifikatzeko, dagoeneko ondo funtzionatzen duena aitortu eta balioan jartzeko, eta guztion artean Derio irisgarriago, inklusiboago eta pertsona guztientzat lagunkoiago baterantz aurrera egiteko”.
Fase berria, martxan
Hurrengo urratsa diagnostiko parte-hartzaile bat egitea izango da, “udalerriaren errealitatea adineko pertsonen ikuspegitik xehetasun handiagoz ezagutzeko”. Lan hori abiapuntu izango da beharrak, aukerak eta jarduera ildo posibleak identifikatzeko eta, herritarren parte hartzearekin, Derio gero eta lagunkoiago baterantz aurrera egiteko ibilbide-orria eraikitzen jarraitzeko.
Horrez gain, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Derion urriaren 1ean, Puro Relajo taldearen kontzertuarekin eta luntx batekin Nagusien Etxean. Horrez gain, aurreko egunetan hainbat prestakuntza proposamen eskainiko dituzte.
Horien artean, irailaren 29an eta 30ean Expertclick doako ikastaroa egingo dute, 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta. “Prestakuntzaren helburua da mugikorra edo tableta segurtasun eta konfiantza handiagoz erabiltzen ikastea, baita eguneroko kudeaketa eta baliabide digitaletan errazago moldatzea ere”. Izen-ematea Nagusien Etxean egin ahal izango da irailaren 15ean eta 18an.