Ipar Alde Abesbatza, kantu korala pintxo-potera eramaten

Mikel Reina Barros

Ipar Alde Abesbatzak kantu korala Derioko kale eta tabernetara eramango du hurrengo hilabeteetan, “pintxo-potearekin batera musika zuzenean eta giro hurbil eta alaian gozatzeko aukera eskainiz”.

Abesbatzak herriko hainbat taberna bisitatuko ditu, bere errepertorioa abestuko du eta musika herritarrekin partekatuko du. “Kantu korala ohikoak ez diren beste espazio batzuetara eraman nahi da, eta Derioko taberna eta kaleak musikaz gozatzeko topagune bihurtu”.

Ipar Alde Abesbatzaren emanaldiak hurrengo eguenetan osatuko dituzte: urriaren 8an eta 22an, azaroaren 12an eta 26an eta abenduaren 17an. Udalerriaren goiko aldeko tabernetara ere joango dira, eta, horrela, proposamena Derioko hainbat gunetara zabalduko dute.

“Egun horietan, abesbatzaren errepertorioa beste formatu batean gozatzeko aukera izango da, aire zabalean eta herritarrekin harreman zuzenean izanda. Musikak, kulturak eta herriko gizarte bizitzak bat egingo dute, pintxo-potea dagoen arratsaldeetan giro berezia sortzeko asmoz”.