Divipako langileek elkarretaratzea egin dute Fedrigoniren deslokalizazioa salatzeko

Mikel Reina Barros

Derioko Divipa enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, irailak 29, Bilboko Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren egoitzaren aurrean. ELA Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko arduradunekin bildu da eta Derioko industria proiektua eta bere 56 lanpostuak defendatzeko eskatu die.

Fedrigoni multinazionalak egin nahi duen itxiera eta deslokalizazioa salatzeko osatu zuten elkarretaratzea. Mobilizazioarekin batera, ELAk bilera egin du Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko arduradunekin, eta sindikatuak adierazi die “beharrezkoa” dela Derioko jarduera industrialaren eta enpleguaren defentsan esku hartzea.

Enplegu erregulazioko Espedientearen kontsultaldia joan den irailaren 22an amaitu zen, akordiorik gabe. “ELAk prozesu osoan defendatu du lantegia eta 56 lanpostuak mantentzea, eta uste du Fedrigonik alegatutako arrazoiek ez dutela itxiera justifikatzen eta espedienteak irregulartasun eta kontraesan handiak dituela”, adierazi dute.

ELAren iritziz, ez da soilik lan gatazka bat, Divipak 50 urte baino gehiago daramatza Derion. “Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzari eta Industria Sailari eskatzen die paper aktiboa har dezatela eta multinazionalari eska diezaiotela proiektu industrialaren jarraipena bermatuko duten alternatibak”.

Bitartean, greba mugagabeak aurrera jarraitzen du, eta sindikatua Enplegu-Erregulazioko espedientearen inpugnazio juridikoa prestatzen ari da.