Enplegurako orientazio zerbitzua jarriko dute Kultur Birikan

Mikel Reina Barros

Derioko Udalak eta Gaztaroa Sartu Koop Elkarteak hitzarmena sinatu dute, enplegurako orientazio eta laguntza zerbitzuak herrian bertan eskaintzeko. Udalak Kultur Birikako espazio bat doan utziko dio kooperatibari 2027ko abendura arte, bere jarduerak garatu ahal izateko. 

Gaztaroa Sartu irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean dihardu. “Bere helburua da enplegua bilatzen ari diren eta kalteberatasun edo desabantaila egoeran dauden pertsonei orientazioa eskaintzea, prestakuntza eta laneratzea errazteko”, azaldu dute. Gazteei zuzendutako programetan ere esperientzia zabala daukatela diote, bereziki 30 urtetik beherako pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko. Hitzarmen honi esker, zerbitzu horiek Derion bertan eskaini ahal izango dituzte, herritarrei baliabideak eta laguntza hurbilduz.