ikustekoak

Aerografia erakusketa koletiboa, Kultur Birikan ikusgai

Mikel Reina Barros · Aner Mentxaka Alvarez

Azaroaren 10era arte Derioko Kultur Birikan ikusgai dago aerografia erakusketa kolektiboa. Astelehenetik barikura 08:30etik 22:00etara dago ikusgai eta zapatuetan 10:00etatik 14:00etara. Martitzenean, azaroak 3, 18:00etan, erakustaldia eta hitzaldia ere eskainiko dute. 

Publiko orokorrarentzat oraindik nahiko ezezaguna den arren, teknika honen bidez lortutako lanak ikusleak “harrituta” uzten dituela diote antolatzaileek. “Teknika honek bere adierazpen artistiko gorena Kustom Paint munduan aurkitzen du. Bertan, motozikleten eta ibilgailuen pertsonalizazioak pieza bakoitza artelan bakar eta esklusibo bihurtzen du”, azaldu dute.

Erakusketan, hainbat artista elkartzen dira beren talentua eta sormena erakusteko, “presiopeko airearen bidez pintura aplikatzeko teknikak eskaintzen dituen aukera amaigabeak aztertuz”: “Estilo, efektu eta akabera desberdinen bitartez, aerografiaren ahalmen artistikoa eta edozein gainazal sorkuntza paregabe bihurtzeko duen gaitasuna erakusten dute”.