Politeknika Txorierriko ikasleek 'Zure aztarnak garrantzia du' leloarekin oihalezko poltsa egin dituzte

Mikel Reina Barros

Argazkia: Politeknika Txorierri

Salmentak eta Merkataritza Espazioen Kudeaketako ikasleek sentsibilizazio kanpaina bat prestatu dute Derioko Udalarekin elkarlanean. Azaroaren 25ean, haurrei hitzaldi bat emango diete, kanpainaren irudia duten oihalezko poltsak banatuko dituzte eta udaletxeko ekitaldian parte hartuko dute.

Politeknika Txorierriko Salmentak eta Merkataritza Espazioen Kudeaketako Goi Mailako Heziketa Zikloko lehen mailako ikasleek “Zure aztarnak garrantzia du” sentsibilizazio kanpaina eramango dute Deriora azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean. “Derioko Udalarekin elkarlanean garatutako ekimenaren helburua herritarren artean berdintasuna eta errespetua sustatzea eta indarkeria matxistaren inguruko kontzientziazioa indartzea da”.

10:00ak aldera, Politeknika Txorierriko ikasleek martxa morean parte hartuko dute. Ibilbidean, kanpainaren irudi grafikoa duten oihalezko poltsak (tote bags) banatuko dituzte herritarren artean. Jardunaldia 11:30ean Derioko Udaletxean egingo den ekitaldi publikoarekin amaituko da. 

Ekimen hau Politeknika Txorierrik eta Derioko Udalak urtero egiten duten lankidetzaren barruan kokatzen da. Kanpaina prestatzeko, ikasleek berdintasunari buruzko sentsibilizazio saioak jaso dituzte ASTIko adituen eskutik. ASTI Bizkaiko Foru Aldundiak berdintasunaren eta genero-politiken arloan laguntza teknikoa emateko homologatutako erakundea da.

Horrez gain, Asier Castañares diseinatzaile grafikoarekin elkarlanean aritu dira kanpainaren logotipoa, kartela eta nortasun bisuala sortzen. Prozesu horretan, marketinarekin,  komunikazioarekin, sormenarekin, jardueren antolaketarekin eta jendaurrean hitz egiteko gaitasunarekin lotutako konpetentziak landu dituzte.

“Horrelako ekimenek ikasgelan nekez ezagutuko lituzketen errealitateetara hurbiltzeko aukera ematen diete ikasleei. Esperientziatik ikasteko, inguruan inplikatzeko eta ikasgelan lantzen dugunak gizartean ere eragina izan dezakeela ulertzeko aukera paregabea da”.