Martxa solidarioa

Aikor aldizkaria 2014ko api. 29a, 10:42
Ortzi kirol taldeak martxa solidarioa egingo du bederatzigarren aldiz Erandiogoikoan, Erandioko Udalaren eta Atxaspe mendi taldearen laguntzarekin. Izena ematea 7:15etik 7:55era egin beharko da, eta, derrigorrezkoa ez bada ere, nahi duenak kilo bat janari ez galkor eraman ahalko du inskripzio moduan. Ostean, omenaldia egingo diote Laurentziri. Azaldu diguten moduan, Laurentzi martxa solidarioan musu truk parte hartzen zuen herriko txistulari bat zen, umeekin kalejiran ateratzen zena. Laurentzi orain dela hilabete gutxi hil da, eta martxaren antolatzaileek argazki bat eta txistua eta danbolina ipiniko dituzte plazan bere omenez. Helduei zuzendutako mendi martxa 8:00etan hasiko da eta 26,7 kilometro edukiko ditu; umeentzako mendi martxa, 10:00etan, eta 12,35 kilometro izango ditu. Aldi berean, azoka alternatibo bat egongo da, eta, besteak beste, bertan jatekoak, arropa eta zeramika-lanak ipiniko dira salgai. Horrezaz gainera, umeentzako puzgarriak egongo dira, king boxing erakustaldia, kirol taldeak egindako espedizioen eta aurreko urteetako martxen dokumentala eta iazko martxaren argazkiak. Erandioko abesbatzak emanaldia eskainiko du 12:30ean, eta indabak dastatzeko aukera egongo da. Martxa solidarioari 14.30ean emango zaio amaiera. Ekitaldian batzen den janaria, arropa eta abarrekoak Europako herri behartsu batera bidaliko da aurten. Izan ere, hori da Erandiogoikoko martxa solidarioaren helburua. Hala, aurreko urteetan batutakoa munduko zenbait herritara bidali da, elkarteak egindako espedizioen bidez, edo gobernuz kanpoko erakundeen bidez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).