Asteburu solidarioa, Erandiogoikoan

Aikor aldizkaria 2015ko api. 29a, 11:46
Solidaritatez betetako ekitaldiak izango dituzte maiatzaren 8tik 10era arte Erandiogoikoan. Izan ere, asteburu horretarako antolatu dira, alde batetik, jai solidario bat, eta bestetik, martxa solidario bat. Jai solidarioa Gurari elkarteak antolatu du. Asteburu osoan zehar hainbat ekitaldi egongo dira. Hala, barikuan “Guatemalako umeak” hitzaldia emango da arratsaldeko 7etan, Gizarte etxean. Zapatua egun nagusia izango da eta egun horretarako ekintza hauek prestatu dituzte: kalejira, umeentzako jolasak, bazkaria, bingoa eta mus txapelketa, karaokea eta erromeria, Zirkinik bez! taldearekin. Ekintzoi goizeko 10etan emango diete hasiera eta zapatuan zein domekan azoka bat ere ipiniko da udaletxe zaharrean. Batzen den dirua Guatemalara bidaliko da eta han garatzen dabiltzan Beluba Luba Furendei (ikasteko etxea) proiektuetara bideratuko da. Proiektu hori umeei eta gazteei dago zuzenduta eta horiek jasotzen duten hezkuntza hobetzea du helburu. Bestalde, maiatzaren 10ean, domekan, martxa solidarioa egingo da hamargarren aldiz. Hori Ortzi herri kirol taldeak antolatu du eta martxa luzea zein ibilbide laburra egiteko aukera egongo da. Izena ematea doan da bietan, baina antolatzaileek eskertuko lukete, parte-hartzaile bakoitzak kilo bat janari ez galkor eramango balu. Goizeko 7,50ean omenaldia egingo diote herriko pertsonaia ezagun bati eta horren ostean hasiera emango diote martxa luzeari. Ibilbide laburra goizeko 9,30etan hasiko da. Hobi txikiko txapelketa ere egongo da, azoka, puzgarriak, txinbera lehiaketa, indabak dastatzea eta argazki erakusketa. Batzen den janaria, arropa eta dirua behartsuen artean banatuko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).