Orain dela egun gutxi, Erandioko Udalak idazki bat bidali die Erandiogoikoko auzokoei, eta horretan adierazi die zeintzuk diren udalak arazo honi dagokionez egin dituen urratsak. Era berean, gai honetan “eskuduntza gutxi” duela jakinarazi die, eta erantzukizuna Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak duela.
Auzotarrek zein Erandioko Auzokoa Herrikoi Elkarteak 2014. urteaz geroztik salatu dugu egoera udalean, eta 2018ko urritik hona Eusko Jaurlaritzan ere egin dugu, arazoa larriagotu egin da eta. Idazkiak bidali dizkiegu, sinadurak, argazkiak eta orto-argazkiak. Bideoak ere igorri dizkiegu, zeinetan auzoan eta inguruetan jasan behar dugun zarata entzuten baita.
Zazpi hilabetean auzokideek aurkeztutako salaketen ondorioz, eta kaltetuen batzordeak eta Auzokoa Herrikoi elkarteak amankomunean egindako lana dela eta, udalak agindu digu zarata neurtuko dutela. Neurketak haiek aukeratutako enpresa batek egingo ditu.
Baina baten batek uste du neurketa horiek egon daitekeen kutsadura-arazoa konponduko dutela? Inork hartuko du egoera jasanezin honi konponbidea emateko konpromisoa? Neurketen emaitzak edonolakoak direla ere, arazoak jarraitzen du. Konponbideak jada behar ditugu.