Moldagarritasuna tradizioa mantenduz

Aikor aldizkaria 2025ko urr. 2a, 13:11

Goi-Alde Erandioko dantza taldea
Frankismoaren garaian sortu zen Erandiogoikoko Andra Mari elizaren inguruan Goi-Alde dantza taldea. Aurten 60 urte bete ditu, eta hura ospatzeko, abuztuan emandako ikuskizunaz gain, asteburu berezi bat prestatu du urriaren 10etik 12ra, non “Erandio” ikuskizun arrakastatsuaren bigarren emanaldia eskainiko duten.

Duela 60 urte, Euskal Herria Francoren diktaduraren menpe bizi zen. Honek euskara eta euskal kulturaren zapalketa bilatzen zuen, baina Erandion, Goialde auzoko Andra Mari elizaren inguruan, gure kultura defendatu eta erakusten duen dantza talde bat sortu zen. Herrian dantza talde bat egon izan zen aurretik, mutilek soilik parte har zezaketen taldea, baina azkenean hura desegin egin zen. Hori dela eta, tradizioak jarrai dezan, Jose Luis Intxaurbek, “Kotxelu” bezala ezaguna zenak, dantzan zekien gazte bati esan zion hauek batu egin behar zirela, dantzaren aitzakiarekin. Honez gain, Kotxelu eta beste sortzaileek politikatik zein alderdikerietatik aldendu nahi izan zuten talde honekin. Hala jaio zen gaur 60 urte bete- tzen dituen Goi-Alde dantza taldea.

Lehen emanaldia 1965eko abuztuaren 15ean eskaini zuen taldeak, Erandioko Andramari jaietan. Hasieran mutilek soilik hartzen zuten parte, baina segituan hasi ziren neskak ere parte hartzen. Janzkerari dagokionez, Goi-Alde dantza taldean mutilen kasuan Bizkaiko janzkera tradizionala mantendu izan da (alkandora eta praka zuriak eta gerriko gorria), eta nesken kasuan, gona gorria bi lerroekin erabiltzen dute haien bereizgarritasun nagusi bezala.

2020an, baina, halabeharrezko paroi bat jasan zuten: pandemiarena. Talde horretako dantzaria da Aitziber Argiarro, batzordeko kide izateaz gain. Honek dio garai hartan dena “ezjakintasuna” zela, beste arlo askotan bezala, eta “inprobisazioa”. Honek dio gutxienez entseguak gelditzearekin batera “ikuskizunen geldialdia” ere izan zela, beraz “bat zetorrela” ordu horretan zegoenarekin. Hala ere, eragin nagusiena dantzari gazteenen kasuan jasan zuten, izan ere, “beste aisialdi formalago edo federatuago batzuek arinago eduki zuten baimena haien jardunera itzultzeko, adibidez kirol federatua. Horrek ekarri zuen haiek itzultzea gu baino arinago gaztetxoen errutinara, eta batzuen kasuan, taldea utzi zuten”. Hala ere, Argiarrok dio, bere iritzi pertsonala dela argi utzi ondoren, “kalte handiagoa” espero zuela, 5 urte pasa ondoren taldearen egoera ikusita “osasuntsu” ikusten duelako.

Bizkaiko dantza taldeen testuinguruan, Goi-Alde talde garrantzitsu batean bihurtu da, jai garrantzitsuetara gonbidatzen dutena. Haien artean daude, adibidez, Dantza Plazetan programaren barruan Arriaga plazan dantzatu izana, edo azken urteetan Bilboko Aste Nagusiaren barnean Plaza Berrian dantzatzea. Argiarrok dio haientzat “poztasuna eta harrotasuna” sentitzen dutela bertan parte-hartzean, nahiz eta “presio gehien” sorrarazten dien emanaldiak izan, badakitelako bertan parte-hartzeko egin behar izan duten lan “itzela”. Presio hori nabaritzen da emanaldi hauek prestatzeko entseguetan, “urduriagoak” direla eta jendea “gogotsu” dagoela dio baina “txarto ez egiteko beldur edo urduritasun” horrekin.

Bilboko data garrantzitsuetan dantzatzeaz gain, Euskal Herritik kanpo izan dira ere emanaldiak burutzen, hala nola, Austria, Hungaria, El Vendrell eta bestelakoetan. Horrek, “harrotasunaz” gain, Argiarrok dio “talde-kohesio itzela” ere sortzen duela, taldea “indartu” egiten baita horrelako irteeretan. Honek dio gurean “onartuta” daudela euskal dantzak, baina kanpoan ezberdina dela: “Ikustea jendeak zer harrera egiten duen kanpora zoazenean, ez dizut esango bereziagoa dela bertakoa baino, baina bai eramaten dizu pentsatzera gurea ere polita dela eta erakusteko modukoa dela”, dio. “Kanpora goazenean, jendea pozik eta harrituta geratzen da gurearekin, eta buelta hori emateko ere baliagarria izaten da”. Hala ere, euskal kulturaren “ordezkari” izate horrek presio puntu bat ere gehi dezake: “Ondo egiteko gogoa dugu, jendeak ere dantzan ikusten gaituenean edo geroko harremanetan euskaldunekiko edo euskal gizartearekiko irudi ona eraman dezatela nahi dugu”.

Hala iritsi dira aurtengo 60. urteurrenera. Argiarrok dio urteurren hau “ilusio handiarekin” hartu zutela hasieratik. Urtean zehar hainbat ekintza “txiki” burutu izan dituztela dio, hitzaldiak, umeekin irteera… Aurten ere IX. Dantza Tradizionalaren Esker Ona sarietan sarituak izan dira haien ibilbidearengatik, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak banatutako sarietan. Hala ere, bi ekintza nagusi nabarmendu dituzte aurten: bata abuztuan eta bestea urrian. Abuztuan, Andra Mari egunean, orain arte egin duten “dantzari ohien agerraldi handiena” egin zuten. Ikuskizun hori Sorkunde Goikouria lehendakariaren buruan sortu zela dio Argiarrok, eta Mentxu Larrea idazkariaren lan “itzelarekin” batera sortu zuten. Hasieran dantzarientzat “inkognita” izan zela dio, entseatu ahala dantza moldatzen zihoazelako, forma emateko apurka-apurka. Hala ere, behin entsegu orokorrak hastean ikusi zuten “zenbat jende egongo zen inplikatuta”, eta konturatu ziren zer nolako dimentsioa hartuko zuen prestatutakoak. “Oso polita” irten zela dio Argiarrok, non dantzaldia eta herri bazkaria egin zuten. Dantzari ohiek duten atxikimendu horri buruz galdetuta, Argiarrok dio taldea “indartzeaz gain”, dantzari gazteenek taldearekiko duten atxikimendua “elikatzen” du,  “eredu” moduan ikusten baitute.

Urrian, berriz, asteburu oso bat prestatu dute herri osoarentzat. Urriaren 10tik 12ra doan asteburuan izango da eta ekintzarik nabarmenena 2023an plazaratu zuten “Erandio” ikuskizunaren berremanaldia izango da. Horretarako Argiarrok aurreko emanaldian izan zuen “herriaren inplikazio berdina” espero du, eta laguntzeko prest dagoen jende kopurua ikusita “ezin dutela kexarik eduki”. Izan ere, ordura arte egindako gauza txikiagoetan ere “inplikazioa” ikusi du, beraz ekintza horietan parte-hartuko dutela espero du.

Etorkizunari begira, taldean zenbat pertsona dauden ikusita, “iraupenak beldurrik ematen ez diela” dio Argiarrok, eta beste dantza talde batzuk ikusita, non batzuk “bizirauten saiatzen” ari diren, haiek “zorionez ondo” dabiltza. Hala ere, euskal kultura “txikia” izanda eta dantza beste gauza batzuk baino prestigio “txikiagoa” edukita, alde horretatik beherakadaren “arriskua” dago, adibidez, futbolarekin,   mutilen kasuan. Baina arrisku hori “beti” egon dela dio, eta gauzarik garrantzitsuena dela “momentuko gizartera egokitzen jakitea, betiere tradizioa oinarri hartuta”. Momentuz, buruan hura “badute”, beraz aurreikuspenak “onak” dira. 

 

“Erandio” ikuskizunaren berremanaldia, urteurreneko asteburuan nabarmenena

60. urteurren hau ospatzeko, abuztuan egin izan zen agerraldiaz gain, Goi-Aldek asteburu oso bat antolatuko du, erandiotar guztiek batera ospa dezaten. Asteburu hau urriaren bigarren asteburuan ospatuko da, urriaren 10etik 12ra doana, hain zuzen. Ostiralean, duela bi urte arrakasta handia izan zuen ikuskizun baten berremanaldia izango da, “Erandio” ikuskizunarena. Ikuskizun hau, esan bezala, 2023an plazaratu zen lehen aldiz, eta bertan dantza, antzezlana, narrazioa… uztartzen dira herriaren historia azaltzeko. Argiarroren hitzetan, “agian ez da bereziena, baina bai ikuskizun ezberdinena”, eta horrek izandako arrakasta ikusita, bigarren pase bat eskaintzea erabaki zuten. Emanaldi hau urriaren 10ean izango da, arratsaldeko 20:00etan. Emanaldi honetan ikuskizuna berdin mantenduko dute, “txikikeriaren” bat kenduta Argiarroren hitzetan, hala nola, taldean jada ez dauden kideak beste batek ordezkatzea edo halakoak. Honen ondoren taloak dastatu ahal izango dira.

Larunbatean, urriaren 11n, Bilboko Beti Jai-alai eta Oñatiko Oñatz dantza taldeak etorriko dira dantza erakustaldiak eskaintzera Goi-Alderekin batera, eta horrez gain, herri-bazkaria izango da. Arratsaldean, taberna ibiltaria egongo da, eta gauean, bokatak salgai. Igandean, urriaren 12an, trikipoteo bat egingo da eguerdian, eta arratsaldean, Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoek eta ondoren Tio Teronen Semeek emango diote itxiera urteurren honi. Argiarrok asteburu honetan hurbiltzera “animatzen” du jendea, batez ere "Erandio" ikuskizunaren emanaldira, “lan eta ilusio handia” baitaude atzetik. Gainera, uste du “txikitik gauza handi bat egiteko modu polit bat” dela. Batez ere “Txoerierriko jendea” ikustera joatea gustatuko litzaieke, haien herriaren historia kontatzen dutelako: “Badakit 2023ko emanaldian txorierritar asko etorri zirela, baina baten bat hura ikusi gabe gelditu bazen, aprobetxa dezala”.