Amonatxoak

Erabiltzailearen aurpegia Ana Apika 2017ko mar. 29a, 13:09

Ana Apika, ipuin-kontalaria

Egilea: Charo Pita

Argitaletxea: S.L. KALANDRAKA EDITORA

Liburutegietan dago irakurgai   

 

Charo Pita galiziarrak idatzitako istorioak ahozko narrazioan daude oinarrituta edota kontalaritzaren klabean daude idatzita, behintzat. Horri esker, bere lana oso erraza da irakurtzeko edo kontatzeko. Bera emakumezkoa izateak ere badu garrantzia, batzuetan gizartean emakumeok dugun garrantzia ere islatzen duelako. Egileak hainbat album ditu argitaratuta euskaraz, galegoz eta gaztelaniaz: Oxala Etivieses aquí, Eskerrik asko, La calle del puchero, Magia, Igor, ¿Quién puede vencer al viento?...

Baina hurrengo lerrootan Amonatxoak albuma hartuko dugu hizpide. Liburua adin guztientzat dago zuzenduta, hau da, 0 urtetik 99 urtera bitartean konta dezakegun horietarikoa. Istorioa oso hunkigarria da. Protagonistak elkarrekin bizi diren edadeko andre bi dira: elkarrekin bazkaltzen dute, elkarrekin lo egin, elkarrekin amets egin... Txiroak baina zoriontsuak. Egun batean abentura itzela bizi eta gero, batek arazo larria dauka eta bestearen laguntza behar du dagoen egoeratik ateratzeko.

Albumak gai orokorrak jorratu ditu: amodioa, laguntasuna, konfiantza, nagusien jakinduria, emakumezkoek “betidanik” egin dituzten lanak (josi, janaria prestatu, zaindu...)... Protagonistek dantzak eta abestiak erabiliko dituzte, maitatzen duen laguna berriro aldamenean izateko. Eta azkenean, sorpresa izugarria, naturaren zikloak eta gizakiok ditugunak lotzen direnean.

 

Aholkua

Albumak bereziak dira. Batzuetan txikiei zuzenduta daudela uste dugu eta umeak koskortzen direnean ez diegu kasu handirik egiten. Hala ere, albumak altxorrez josita daude. Bai marrazkiak, bai istorioa. biak batera kontuan hartzen baditugu, liburu bereziak dira, adin guztietako liburuak. Adin gomendatua markatzen duen koloretako puntutxua batzuetan alde batera utzi behar dugu, albumekin berraurkitzeko, eta marrazkietan murgiltzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).