Ondoren, urrian, Katalunian ekintza baketsuak eta demokratikoak egiteagatik, kartzelan dauden preso politikoen epaia ezagutuko dugu. Horiei eskatzen zaien kartzela zigorrak ez du neurririk, eta zigorra hala etor ez dadin gure esku dagoen guztia egin beharko dugu. Herritar askoren elkartasuna aurretik izan dute eta hala adierazten jarraituko dugu.
Bestelako konflikto laboralak ere badaude pil-pilean, besteak beste, metaleko langileena, Gipuzkoan etxeko beharginena eta hezkuntzako sektore batzuk ere kalean ikusiko ditugu.
Udako herri batzuetako eten laburraren ostean, irailean pentsiodunen astelehenetako kontzentrazioak ere indartu egin dira. Ehun herri aldera dira astelehenero kontzentrazioak egiten dituztenak. Urrirako eta azarorako beste mobilizazio batzuk planteatuta daude eta antolaketa lanak oso aurreratuta. Pentsiodunen plataformek deituko dituzte mobilizazio berri horiek. Urriaren 1a “pertsona nagusiaren” eguna da. Horren harira irailaren 30ean, astelehenean, ohiko kontzentrazioak kontzentrazio bereziagoak izango dira. Azaroaren erdi aldera beste mobilizazio herritar bat egingo da. Horretan Hego Euskal Herriko beste eragile batzuk inplikatuta daude. Askok ulertu dute pentsiodunen eskariek adin guztietako herritarrak zuzenean ukitzen dituztela. Eskariok epe laburrean lortu beharrekoak dira. Lortzeak edo ez lortzeak, epe luzerako gerizpe mota bat edo beste zabalduko du.
Arazoak arazo, beti aurrera egin da: ahalmen handia erakutsi da korapiloak askatzeko. Beraz, gure ahalegina, denon eskubide sozialak eta politikoak errespeta daitezen eta kolektibo bakoitzak berak irabazitakoa eskura dezan.