Bada, Txorierrin, Larrabetzun ere, badago Zaintza Taldea lanean. 2024an hausnarketa, diagnostikoa eta proposamenak egiteko prozesu parte-hartzailea abian jarri zen. Udalak herritarrekin batera Zaintza Taldea osatu zuen. Emagin Elkartea arduratu da lana aurrera eramateaz. Profil desberdinetako bost zaintzaile talderekin elkarrizketak egin ziren eta horietatik eskaerak, proposamenak eta erronkak etorri ziren.
2025ean, Euskal Herriko beste herri batzuetako esperientziak entzuteko aukera izan genuen: zaintzaileen zaintza egiteari buruz, bakardadeari aurre egiteari, desgaitasuna duten pertsonen errotze komunitarioa sustatzeari eta landa eremua eta eguneko arretari buruzkoak.
2026ra heldu gara eta lan plana prest dago hurrengo urte bietarako, hau da, 2026 eta 2027rako. Planak lau eginkizun nagusi ditu. Ekintzak eta arduradunak ere zehaztu dira.
Bestelakoak ere hobetu behar dira. Batetik; Euskal Herrian zaintzaren gainean egiten ari dena, lanak, planak eta abar ezagutzea eta bestetik; Txorierriko herri guztietan Zaintza Taldea osatzea, elkar elikatzeko eta laguntzeko.
Herritarrok zaintzak ertz asko dituela argi dugu, besteak beste, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Euskal Autonomi Erkidegoan aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilea. Gobernua osatzen duten bi alderdiek ez zuten ahalbideratu ekimenaren eztabaida eta ondoren bozkatzea. Herri Ekimenean gutxienezko pentsioak gutxienezko soldatarekin parekatzeko diru osagarria eskatzen zen. Proposamenak aurrera egin bazuen Legebiltzarrean, instituzio honetatik zaintzari benetako ekarpena egingo zitzaion, miseriazko pentsioekin bizi direnei elikadura, osasuna eta abar, hobeak izateko aukera emanez. Ezin dugu ahaztu ia 100.00 pentsiodun bizi direla egoera larrian, gehienak emakumeak badira da, hain justu, bizia etxe barruko zaintza lanetan emateagatik. Edozelan ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak esanda dauka, borrokan 8 urte bete diren honetan, finkatutako helburuak lortu arte jarraituko duela kalean eta alderdiak interpelatzen.