Ez dugu Etxe Zurira jo beharrik gorakada horren gertuko adibide argiak ikusi eta sufritzeko. Epelkeria medio, faxismoa gure herriko mendi berdeen artean eta baserriko sutondoaren epeltasunean ere sentitzen da. Gora etengabe.
Arraza profilaren araberako sarekada bakoitzean, pertsonen erregularizazioen aurrean muturra okertzean, etxegabetze bakoitzean bestaldera begiratzean, pertsonen jatorria desberdintasunak markatzeko erabiltzean, marikoi, pantxito edota moro bakoitzeko barre egiten dugunean edo hizkuntza inklusiboaren ezinbestekotasunari mespretxua egiterakoan ere faxismo hatza dario. Hamaikatxu adibide ditugu gure inguruan; ez dugu urrutira jo beharrik.
Desegoki kontatu ziguten historia, baita jolasaren arauak ere bai. Ez dugu ondo trantsizionatu. Ez da parkamenik eskatu, zauririk sendatu ezta erreparaziorik eskaini ere. Epelkeria baliatuz pedagogia egiten saiatu gara giza eskubideak urratzen dituenarekin; klaseko ikastuna bagina legez. Jolasa balitz bezala espazioak galarazi dizkigute eta, bitartean, barre egin dugu; gure historia eta azala bortxatu dituzte eta barre egiten jarraitu izan dugu jolasa bukarazi duten arte. Biolentziaz beteriko diskurtsoak normalizatu ditugu eta horren fruituak jasotzen gabiltza. Orain, ordea, ez dugu barrerik egiten. AEBetatik hasita eta gure herriko mendi berdeen arteko baserririk politenera arte kokotean sentitzen dugu totalitarismoaren arnasa. Iritzi oro errespetatu behar delakoaren tranparekin ziria sartu ziguten eta orain esbastikak topatzen ditugu gure herrietan eta irainez beteriko hitzak kalean zein legebiltzarrean.
Olatu erreakzionario horren aurrean ikastunak baino, hobe klasean edo autobusean atzean esertzen zirenen jarrera izan irmoki erantzuteko eta faxismoaren arnas espazioa ahalik eta gehien mugatzeko.
Mareak ziklikoak dira. Beti. Eta Kantauri itsaso inguruan ondo dakigu gora egiten duten era berean behera ere egin behar dutela. Beti.