Hashtag

Erabiltzailearen aurpegia

Hil egin dituzte filosofoak, antropologoak eta feministak. Birrindu. Munduko diru-jabe nagusiek ez dute pertsona gehiagorik gura; makinak nahiago. Ordea, garestiegia da haientzako ere. Horregatik hil dituzte hausnartzen dutenak: haien ekarpenik gabe aginteak errazago kontrolatu ahal dituelako gainerako gizakion ekintza, jarrera, emozio eta nahiak.

Dagoeneko badago “robotizazio” ho­rren aztarna. Begiratu dezagun nork bere kolkora, eta behatu gainerakoak baloratzeko dugun modua. Adibide gisa gaztelaniazko zenbait adierazpen aipatuko ditut, hizkuntza horretara aldatzeko joera ere barruraino sartuta daukagu eta: “el/la chapas, la/el gordx, la/el hippie, el/la borrachx, la/el calladx, el/la gay/lesbiana”. Etiketak banatzen di­tugu pertsona horien laburpena balitz bezala, beren osotasunean ezagutzea saihestu nahian agian. 

“Ring-ring!” Ea Sistemak zer dioen balorazioari buruz beste lineatik: “Zure puntuazioak 8,94 izan behar du”. Hau da hau pagotxa. Etiketak ez direnean, zenbakiak (animo selektibitate eta oposizioekin zabiltzatenoi). “Sailkapen mota hori beharrezkoa da; bestela horrenbeste izanda ez du astirik ematen”. Noiz utziko diogu saltzen digutena errepikatzeari? Izan ere, gauzak beste era batean egitea posible da, baina, bai, utopikoa dela sinetsita lasaiago goaz ohera.

Hil baino lehen, pentsalariak azken ondorio batera iritsi ziren. “Lengoaia aldatu behar dugu: ez naiz beltza, ez naiz abokatua, ez bisexuala, ezta autista ere. Nire azala da, egiten dudan lana, ez dut generoa aukeratzen sexu eta maitasun-harremanetan, zailtasun eta abantailak ditut. Ez naiz”. 

Halaber, azken ideia horrekin bat etorrita, badago oraindik gizartearen zati bat ez dagoena pasibotasunaz janzteko prest, nahiago duelako, adjektiboak edo zifrak jartzen ibili beharrean, aldamenekoarengan arreta jarri, lan-kontrataziorako pertsonaren adimen emozionala kontuan izan, barnekoa atera eta elkarren artean komunikatu, zintzotu, elkarri lagundu eta bidezkoaren alde lan egin; erlojuari begiratu gabe garrantzitsua den horri denbora eskainita. Ai ama, besoa metal kolorea hasi da hartzen; ez dute honi buruz hitz egiten ibiltzea nahi… 3, 2, 1… “Orrialdean akats bat egon da. Saiatu zaitez beranduago”.