Koronabirusa

Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!

Erabiltzailearen aurpegia t: Ane Barcena Guarrotxena 2020ko api. 23a, 08:07

Salbuespen egoeraren ondorioak latzak izaten ari dira gizarteko alor guztietan, eta hezkuntza esparrua ez da salbuespen bat. Ikasleon ikasketa prozesua, hankaz gora jarri da, eta ikas-baldintzen okertzea nabaria izan da. Gainera, bizi dugun egoera nahasi honetan, agintari politikoak zabaltzen dituzten erabakiak egunez egun aldatzen dira eta egia ezagutu baino zurrumurruak besterik ez ditugu jasotzen.

Beste behin ere, langileria izaten ari da salbuespen egoera honen kaltetu nagusia, eta horregatik, ikasleriaren interesen defentsa helburu duen programa abiarazi du Ikasle Abertzaleak antolakundeak, egoerari denon artean aurre egiteko.

 

Programa hau, Espainiako, EAEko eta Nafarroako agintariei egiten zaizkien 6 exijentziaz osatuta dago, eta online planaren derrigortasuna eta ebaluazio mekanismoak ikasleon baldintzetara egokitzea (etxe askotan honen jarraipen egoki bat egiteko egon daitezkeen zailtasunak tarteko), azken lauhileko (unibertsitatearen kasuan)/hiruhileko (bigarren hezkuntzarenean) honetako gastuak bueltatzea, eta Lanbide Heziketa dualeko ikasleek soldata jasotzen dutela bermatzea bezalako neurriak biltzen ditu. Gure kasuan inkesta baten zabalpenari ekin diogu, eskualdeko egoera ezagutu eta aukera posibleak martxan jartzeko asmoz.

Unibertsitateko Indar Batasunak, bestalde, Ikasle Babes Sarearen dinamika jarri du martxan. Apunteen kolektibizaziorako plataforma (unibertsitateko gradu ezberdinetako apunteak bildu eta jendearen esku jarriko dituena), eta Laguntza Akademikoak (bereziki bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa, edozein ikasgairekin laguntza behar duten ikasleak laguntza hori emateko prest dauden boluntarioekin kontaktuan jarriko dituena) osatutako planteamendua litzateke honakoa, eta  kontaktua uibnazionala@gmail.com korreo bitartez egingo litzateke.

Dinamika hauen jarraipen eta zabalpena egiteko eskatu nahiko genioke txorierritarrei, guraso, ikasle, zein irakasleri, baita gurekin kontaktuan jartzeko gonbita luzatu.

Koronabirusaren azken datuak Txorierrin hemen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).