Espainiar eta frantziar estatuekiko lehiaren forma aldatu den arren, gatazkak berdina izaten jarraitzen du. Herri gisa desagerrarazi nahi izan dute Euskal Herria, baina traba eta oztopo guztien gainetik, herri bezala aske izateko nahiak ekarri gaitu honaino. Mendeetan zehar zapaldua eta borrokatzera behartutako herria da gurea. Erori, altxatu, borrokatu, irabazi! Amaiurren ereindako haziak loratu dira eta belaunaldi bezala prest gaude olatu atzerakoi eta autoritarioei aurre egiteko. Injustizia eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko prest gaude. Gure herriaren historiak emandako irakaspenetatik jasotako balio eta ezagutza guztiak kontuan hartuta eraikiko dugu herri hau. Ez ginen atzo sortu, borroka hari luzeetatik gatoz eta urrats berriak emateko prest gaude! Bostehun urteren ondoren, ZUTIK gaude!
“BostEHun eta zutik!” lemapean abiatuko dugu aurten Ernai gazte antolakundeko kideek urtero bezala antolatutako udaberriko ekimena. Udaberriko ekimena gazte independentisten urteroko topalekua da eta bi urtez COVID-19a dela-eta egin gabe egon ondoren aurten martxa formatuan bueltan ekarri dugu.
Apirilaren 14tik 17ra Baztango bailaran izango den ekimena da Bostehun eta Zutik! Eguenetik domekara bitarte eskaintza zabala izango dugu. Zugarramurditik Erratzura egingo dugu mendi martxa lehenengo egunean Amaiurtik pasata. Erratzun kontzertuak izango ditugu eta bertan gaua pasata, bariku goizaldean Elizondora abiatuko gara eguerdian. Elizondon igaroko ditugu beste bi egunak, eta egitarau politikoa izango dugu, hamaika problematika eta alternatiba jorratu zein ezagutzeko aukera izanda hitzaldi edota tailerrekin. Bestalde, aisialdirako eskaintza izango dugu, baita musika festibala ere iluntzeetan, Skabidean, Iheskide, Xiberoots eta Tribade taldeekin beste askoren artean. Apirilaren 17an Elizondotik Iruñera joango gara, topagunea bertan ospatuko den aurtengo Aberri Egunarekin amaitzeko. Hirian egitarau oparoa egongo da egunean zehar.
Egitarau oparo horretaz gozatzeko sarrerak daude eskuragai: gazte martxa osorako bonua edo eguneko bonua. Bonuak fisikoki, Bizkaian Bilboko Kirruli edo Errondabiden, zein online, BIBE plataforman, eskuragarri daude jada.
Txorierriko gazte martxako aurkezpena apirilaren 1ean egingo dugu Hori Bai gaztetxean (Larrabetzu). Bertan gazte martxaren inguruko informazioa emango dugu eta aisialdi eskaintza egongo da. Gainera, Txorierriko Ernaiko kideok autobusa antolatuko dugu bertaratzeko, beraz, interesa edukitzekotan jarri kontaktuan gure sare sozialen bidez.
Bi urte eta gero, Euskal Gazteria elkartu, ezagutu, harremandu, gozatu eta ikasteko tartea izango da. Belaunaldi ezberdinetako gazteon arteko topaleku nazionala. Bizi ditugun zapalkuntzei aurre egitera goaz! Gazte independentistok elkartuz irauliko dugu egoera. Euskal Herri aske, sozialista eta feministarantz! Gazteok independentzia!