Lortu dugu eta lortuko dugu

Erabiltzailearen aurpegia t: Garraioa Irauli 2022ko api. 27a, 09:56

Bost hilabete daramatzagu Larrabetzun, Lezaman eta Zamudion garraio publikoaren alde borrokatzen, eta badirudi argia ikusten ari garela tunelaren amaieran.

Otsailean hiru herrien borrokari esker, lehen fruituak ikusi genituen: Garraio Partzuergoak jakinarazi zigun 08:00ko A2151 Areetako autobusa Leioako EHUra iritsiko zela. Hala ere, aurrerapauso hori mehatxuz jaso genuela salatu genuen herritarrok; izan ere, zerbitzu berria ez erabiltzekotan, hori kentzeko mehatxua egin zen. Hortaz, Garraioa Irauliko kideok salatu genuen erdigunean etekin ekonomikoak jartzea. Gainera, aldaketa ikasturtearen erdialdean etorri zen eta Leiora joaten diren ikasleek eta langileek ordurako bazituzten unibertsitatera joateko bestelako ohiturak: autoz batik bat. Horregatik, datorren ikasturteari kezkaz begiratzen diogu, eta Garraio Partzuergoari zerbitzu berria mantentzea eskatu, datorren urtean lehendabizi unibertsitatera joango diren ikasleek garraio publiko duina izan dezaten. Jarri dezagun fokua datozen belaunaldietan.
Bestalde, zonaldeari dagokionez, Larrabetzuko Udaleko kideak Garraio Partzuergoko gerentearekin batzartu ziren. Bilera horretan, ekainean Larrabetzu 2. zonaldera aldatzeko konpromisoa adierazi ziguten, inolako sinadurarik edota adostasun formalik gabe, haien hitza emanez. Egun berean, Larrabetzun bilera herrikoia egin genuen eta, egoera kontuan hartuta, aurrera begirako pausoak adostu. Herritarrok borrokan jarraitzea adostu genuen, ez baitugu Larrabetzu 2. zonaldera aldatzeko konpromisoa beteko denik sinesten.
Otsailetik gaurdaino, aldarriak kaleetan izan ditugu, herritarrei uneoro borrokaren deia eginez; horren adibide da apirilaren 10ean Larrabetzun ospatutako Txakolinaren Egunean ipini genuen pankarta.
Txorierrin garraio publikoaren aldeko borrokan aurrerapausoak egin ditugun arren, izandako aldaketari nolabaiteko kezkaz begiratzen diogu, azken bost hilabeteetan lortutakoa galtzeko arriskua dago eta. Horregatik, Garraioa Irauliko kideok borrokan jarraitzeko deia egiten dugu: ekintzetan parte hartuz, indibidualki aldarriak kaleetan mantenduz eta abar. Azken txanpan
gaudela esan dezakegu, horrenbestez azken bultzada ezinbestekoa da, Txorierrin larrabetzuarrek eta EHUko ikasle zein langileek autobus zerbitzu duina izan dezaten.


Txorierrin garraio-zerbitzu publiko duina!

Borrokak merezi du!


Sare sozialak: garraioa.irauli

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).