Icebergaren metafora ez da berria, hori guztia ulertzeko. Baina berotze globalaren erdian gaudela gehitu nahi diot. Arazoak ikusezina den tenperaturan duelako jatorria, eta hura gure jardunaren ondorio zuzena delako. Gure gatazka pertsonaletan ere, efektuetara jotzeak ez gaitu urrutira eramango; kausetara joan beharra dago beti. Ezinbestekoa da ur azpian dagoen iceberg zatian eragitea, ulermenaren bidetik inkontzientea kontziente bihurtuta urazaleratuz, eta gu garen icebergak besteekin eta itsasoarekin duen harremana aztertzea.
Osasun mentalaren gaiak tabu izateari uztea pozgarria da, emozioek egin duten bideari jarraiki. Baina zabalkundeak arriskuak dakartza berarekin beti: negozio bilakatzea eta bezeroa eskaintza zabalegi batean galtzea, besteak beste. Terapia on batek hiru ezaugarri izan behar dituela esango nuke: norbere burua ezagutzen laguntzea (luzea), banakoak testuinguruarekin duen harremana kontuan hartzea (konplexua) eta gizakiaren alderdi inkontzientea presente izatea (gogorra).
Zenbaki magikoarekin jarraituz, beste hainbeste arrisku edo zailtasun azpimarratuko nituzke. Lehena, faktore horietariko baten batekin gehiegi tematzea besteak ahaztuz. Bigarrena, bakoitzaren erresistentziak (gure negazionista partikularra): beldurrak eta deseroso sentiarazten gaituena ikusi eta onartzeko zailtasunak. Azkena, lasterbideak hartzeko tentazioa, sasi-terapia batetik bestera, noraezean ibiltzera kondenatu ahal gaituena. Hiru faktore horiek sarritan konbinatu ere konbinatzen dira.
Berotze globalera bueltatuz, hausnarketa konplexu eta sakon baten ondorioz egin beharreko aldaketen ordez, bere petatxua topatuko du gizadiak. Gaurko konponbidea, biharko arazoa. Gu garen izotz blokeak urtzen jarraituko duen bezala, barrura begiratzen ez dugun bitartean. Norbere burua sakonki ezagutu gabe bizi gaitezkeelako ere, baina ulermenak gauzak hobeto kudeatzeko aukera ematen digu beti.