Esango nuke, berezkoa dela, akatsaren aurrean, erresistentzia pertsonala. Bakoitzaren lana da hausnarketa hori egitea. Baina sentsazioa dut, ataza konplikatzen duen testuinguru sozial bat gehitzen ari gatzaiola guztion artean. Akatsa normalizatu beharrean, guztia parekatu dugulako erlatibismoaren izenean. Frustraziotik babestu nahian, hobetzeko aukera ukatzen ari garelarik gure haur eta nerabeei. Existitzen den gaitasunik preziatuena.
Zergatik gabiltza gure buruari harrika orduan? Hezituaren perspektibatik, akatsa deserosoa da, definizioz frustrantea. Hobekuntzak onarpena eskatzen du hasteko. Gauzak beste modu batean egiteko lana eta ahalegina ondoren. Hezitzailearen figurari erreparatuta, deskribatutako guzti horri aurre egin beharra dago, eta inorentzat ez da trago goxoa gatazka. Garrantzitsua da, hemen, hankasartzea ikaste prozesuaren barruan ulertzea eta hobekuntzarako bidea iradokitzea.
Hezituaren perspektibatik, akatsa deserosoa da, definizioz frustrantea.
Egia da akatsak bakarrik seinalatzen zizkigutela guri. Sarritan modu txarrean, gainera. Baina gu, beti bezala, beste muturrera joan gara erantzun zuzenaren bila: ukatzea. Harekin modu osasuntsuago batean harremantzea da benetako erronka. Dena ez dugu ondo egiten. Normala! Ikasteko gaitasuna ez garatzea da benetako drama bakarra.
Guzti honengatik, edozer gauza justifikatzen duten gurasoek, kritika eta ebaluazio negatiboak egiten ez dituzten irakasleek, eskola porrota estaltzeko kalifikazioak puzteko presionatzen duen hezkuntza sailak… mesede eskasa egiten diote sistemari. Horren emaitza dira frustrazioarekiko tolerantziarik gabeak, eskubideak aldarrikatu baina ardurak saihesten dituztenak, edo emaitza hobeak, lanean barik, kexatzen lortzen direla barneratu dutenak. Eman diezaiegun benetan ikasten ikasteko aukera.