Izartzako auzo eskola (I)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Eguskizaga 2026ko maiatzaren 21a

"Inurritxuaaak”, andereñoaren hitz hau entzun ondoren, seinek berehala euren jolasak itzi eta joan ziran ume nagusiak aitzurrekaz lanean hasi ziran baratzera. Pasadizo hau ezagutzen dogu Pedro Zufia orduko hezkuntza ikuskariari esker.

Izartzako eskolak nekazaritza-esperimentaziorako baeukazan lau lurzati, produktu bereak ongarri desberdinekaz lan egiteko; labore libreko 18 lursail, horietako bakoitzean neska batek eta mutil batek elkarregaz landu eiezan: arbol frutalerako eremu bat, zerealak eta lekadunetarako koadro bat, erletxe bi, oilotegi bat, hazitegi bi…

Eskola 1928an martxan jarri zan aldundiaren 1919ko programa anbiziotsu baten barruan, zeinaren helburua baitzan analfabetismoa desagerraraztea (Bizkaian 1920an %32,7, Espainian 52,2%), landa-inguruneko eta meatzategi industrialdeko heziketa gabeziagaz amaitzea, eta eskola euskalzale eta elebiduna sortzea. Horretarako 1920tik 1930era jada 100 auzo-eskola eregin ziren (83 landa ingurunean), eta 1936rako 25 gehiago. Eskola honek egiteko, auzokoek eta udalek lurra ipini eta eraikuntza ordaindu behar eben, aldundiak, bere aldetik, irakasleak eta irakaskuntza materiala jarriz. Izartzako kasuan, lurra udalak jarri eban eta eraikuntzaren kostua ordaintzeko, 23.250 pesetakoa, udala eta familiak moldatu behar izan ziren.

Txorierrin, Izartzakoaz gain, altzau ziran Larrabetzun Goikolezalde, Belarrinaga eta Gaztelukoak; Goitioltzakoa Lezaman; Zamudion Geldokoa; Deriokoa, baina hau itxi eben eta bere ordez Artebakarran eta San Antolinen eregi ebezan, eta Loiun Lauro eta Elotxelerrikoa.

Hezkuntza aldetik eredu bi egoen: A eta B. A eredua eskolen bi herenek osatzen eben, Izartzakoa barru, eta euskera zan erabilitako hizkuntza, baita ikasgaietan be, gaztelania ikasgaian izan ezik. B ereduan, aldiz, gaztelania bakarrik erabiltzen zan, euskera ikasgaian izan ezean, baina hau ikasteko goi-mailan borondatezkoa baino ez zan.

Pedagogiari dagokionez, oinarrizko orientazio batzuk ziran elkarrizketa biziari eta irakurketaren azalpenei lehentasuna emotea, metodo memoristikoa baztertuz: “Eskolan uste dogu guztiz debekatuta geratu behar direla oroimen irakaspenak bezain zentzunbakoak diran praktikak…” eta ikaslei eguneroko bizitzarako prestatzeko, baliagarri jakozan ezaguera praktikoak emon behar jakezela aitatzen eban Auzo eskolen programak.

Izartzako eskolan 1930eko azaroan 82 haur matrikulatuta egoen, kopuru handia, jendeak berez umeak auzo eskoletara eroatea nahiago gura ebazan eskola nazionalera baino.