Carmen Mendiguren pastorala

Erabiltzailearen aurpegia t: Jon Ander Rola, irakaslea eta Lagatzu euskara elkartearen kidea 2023ko uzt. 12a, 09:09

Duela hiru urte erabaki genuen Zuberoakoaren antzeko pastorala Lagatzu Egunerako egitea, eta aurten burutzea lortu dugu. Normalena da gerran, kulturan edo politikan indartsua eta boteretsua izandako gizon bat protagonista aukeratzea; guk, aldiz, Carmen Mendiguren Abaunza hautatu genuen, irakaslea eta emakumea.


Zamudioztarra Ingalaterrara joan zen gerrako umeekin, eta etxera itzulita, Francoren administrazioak lan egiten uzten ez zionez, hainbat urtetan Palazioan ibili zen eskola ematen, 60ko hamarkadan Eskola Nazionalean lanean hasi zen arte. Historia xumea da berarena, baina mirestekoa zamudioztar askorentzat, batez ere irakasle izan genuenontzat.

Bestalde, egitasmo erraldoi honek esfortzu ikaragarria ekarri du, taulara 80 aktoretik gora igotzeaz gain, oihalaren atzean beste hainbat ibili zirelako agertokia ipintzen, arropa lortzen, koplak eta dantzak sortzen…

Amaitzeko, eskerrak bereziki lagun biri eman nahi dizkiet: batetik, Etxahun Lekueri, ehundik gorako koplekin istorioa gorpuztu duelako; eta bestetik, Josu Camarari, gure zuzendariari, bere pazientzia amaigabeari esker bakoitzaren onena ateratzeko gai izan delako.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).