Xehetasunen iraultza

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Apodaka 2026ko uztailaren 16a

Maite dut goizeko kafeari kanela pixka bat botatzea. Ez da beharrezkoa, baina horregatik da hain berezia. Ez duelako zaporea bakarrik aldatzen; une arrunt bati xarma ematen diolako.

Maite ditut jaietan distiratzen diren aurpegiak ere. Badago zerbait magikoa distira egitea erabakitzen duten pertsonengan, purpurinarekin edo gabe haien argia ezkutatzen ez dutenengan. Maite ditut haien balkoiak lorez betetzen dituztenak, etxeen ertzetan loratzen diren kolore txikiak. Maite ditut kalean aurkitzen ditugun poster solidario edo aldarrikapen bat adierazten dutenak, hormetan itsatsita geratzen diren ahotsak.

“Ez da bearrezkoa, baina horregatik da hain berezia”

Maite ditut orrialde batetik bestera oharkabean eramaten zaituzten liburuak, denboraren kontzientzia ahaztea eragiten dizutenak. Maite ditut egun hotzak berotzen dituzten eguzki izpiak, zilar koloreko egun goibelak urre bihurtzen dituztenak. Maite ditut musika entzutean besteen begiradak aintzat hartu gabe dantzatzen duten pertsonak, ezezagunak lagun bilakatzen dituzten uneak. Maite ditut ere pertsona irekiak, bizitzari beldurrik gabe baietz esaten diotenak eta besoak zabal-zabalik dituztenak. Baliteke magia bertan aurkitzea: kanela apur horretan, purpurinaz betetako gorputzean, aurpegi distiratsuetan, amets ausartetan edo dantza lotsagabeetan.