Eta horregaz baieztatu egin dogu, konpromiso pertsonalak hartuta, askoz be presenteago egon leikeala euskerea gure kaleetan eta, gainera, helburu hori ez dala inondik inora be ezinezkoa.
Ikusi baino ez dago, aktibatu garen lau egunotan zenbat bizipen positibo euki doguzan. Konturatu gara, pentsetan gendun baino sano aukera gehiago deukoguzala geure inguruan euskeraz egiteko eta Derio emoten dauena baino euskaldunagoa dala, gura izanez gero behintzat.
Gerizpetan dagoen errealidade hori eguzkitara atara behar dogu. 2018an Euskaraldia jatorku horretarako. Euskal Herrirako erronka barri bat. Hori be lortuko dogu, ez deukot zalantzarik! Baina egitasmo honeek hasikera baino ez dira. Hor lortutakoak aurrerantzean be erabiltea da kontua, pausoka-pausoka bidea eginez.
Eta ez ahiztu, Euskerak 365 egun deukozala! Halandaze, Euskaraldira itxaron barik, hasi gaitezan gaur bertan geure burua aktibetan! Astindu mihinak euskeraz!