Zorionak eta ikasturte barri on!

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Astobieta Gana

(Magnific)

Euskararen eta euskal kulturaren alde ekinean gabiltzanetan, makroari begiratzen deutsogu sarri: makrokontzertuak, makrotxapelketak, makroazokak… Ekimen handiok beharrezkoak dira, bai; izan be, jendartean fama itzela eukiteak onerako lagundu ei deutso gurea lazeko hizkuntza eta kultura txikerrari. Ganera, kolektiboaren parte garela sentiduteak be on egiten deusku, duda barik.

Baina, era berean, ez da ahaiztu behar txiker barik ez dagoela handirik kulturan, eta zer esanik bez komunitate txikerretan eta minorizatuetan. Gure herri eta auzoetan eragin zuzen-zuzena deukien alkarteen beharra itzela da. Askok generazino batetik besterako lekukoa zelan pasaten dan erakutsi deuskue, herriko umeei zein gazteei euskararen eta euskal kulturaren balioa eta indarra irakatsiz. Eta hori guzti hori behar-beharrezkoa dogu, batez be globalizazioaren eta euskararen kontrako oldarraldi gogorraren sasoi honetan.

“Ez da ahaiztu behar txiker barik ez dagoela handirik kulturan, eta zer esanik bez komunitate txikerretan eta minorizatuetan”

Horregatik guztiagatik, eskertu eta zoriondu egin gura dodaz 2026.urte honetan urteurrena bete daben Txorierriko taldeak: Gorantzaileak dantza taldea (60 urte), Hiru Bat dantza taldea (55), Arildua jai batzordea (50), Korrika (24. edizioa Txorierrin, 46 urte), Bertoko (30), Ekidazu abesbatza (25)… Eta seguruenik ahaztu dodazan beste hainbateri eta laster beteko deuriezenei be, zorionak eta ikasturte barri on! Segidu egizue ekinean, gure zuztarrak indartzen eta jendartean frutuak loratzen. Urrea balio dozue!