Jendartean zabalduen dagoen ikuspegiaren arabera, euskarak egoera onena du gaitasunetan, ezagutzan, eta okerrena praktiketan, erabileran. Asko aurreratu da azken urteotan gaitasunetan, baina horrek ez du ekarri erabileran pareko aurrerabiderik. Horixe izan da orain arte gehien zabaldutako mantra. Baina … Iñaki Iurrebasoren ikerketek hankaz gora jarri dute ideia hau. Iritzi-usteetan oinarritutako balorazioak oso ohikoak dira gurean (ez ditut gutxietsi gura), baina uste dut beharrezkoa dela egoerari eta bilakaerari buruzko oinarria sendoagoa izatea. Eta Iurrebasok milaka datu demolinguistikoekin fintzen du bere analisia.
Hizkuntza gaitasunean euskara ahul dagoela erakusten dute datu horiek. Hizkuntzen ezagutzari begiratu zaio, baina errealitatea osorik aztertu behar da, eta pertsona bakoitzaren euskara eta erdara gaitasunak begiratu. Horren arabera, euskara dakigunok %30 gara Euskal Herri osoan, baina euskara errazen aritzen direnak guztira 210.000 pertsona dira, biztanleria osoaren %8. Asko hazi da azken urteotan euskara dakigunon kopurua, baina ez da apenas areagotu errazen euskaraz aritzen direnena. Gero eta herritar gehiagok ulertzen dugu euskara, gero eta gehiago gara hitz egiteko gai, baina erraztasunez egiten dutenen multzoa apenas ari da hazten.
Gaitasunak baldintzatzen du erabilera: gaitasunik gabe ezin da erabili. Gaur egun, erabilera %17 inguruan dago trabatuta. Kontuan izanda euskaldun gehienak errazago aritzen direla erdaraz eta sarritan ezinezko dela euskaraz aritzea, datuek erakusten dute erosotasunagatik espero zitekeena baino gorago dagoela erabilera. Hortaz, hiztunek euskaraz aritzeko aukera dutenean, hautu hori egiten dute euskaraz erosoen mintzatzen direnek eta erdaraz erosoago aritzen direnek ere toki ohargarria egiten diote euskarari (Iurrebasok egindako kalkuluen arabera, erosotasunak aginduko balu, erabilera %9ren inguruan egongo litzateke eta %17 ia bikoitza da).
Jarrerak aipatu ditut nik hirugarrenez, baina Iurrebasok atxikimendu berba darabil. Eta hirugarren honetan zelan gabiltza? Bere ustez, sendoen dabilkigun ardatza dugu hau. Euskararen aldeko jarrera horrekin baino ez daiteke ulertu hiztunek eroso zaiena baino gehiago erabiltzea batez beste. Ikuspegi hori, gainera, baieztatu egiten da iritziei buruz egindako ikerketekin. Atxikimendua ezinbesteko tresna izan da euskararen indarberritze prozesuan eta ezin da ulertu gaur egungo egoera elementu hori barik.
Labur-zurrean hori da egoeraren diagnostiko nagusia (askoz datu gehiago eta askoz hobeto azalduak ‘Esnatu ala hil’ liburuan, Iñaki Iurrebaso eta Garikoitz Goikoetxeak idatzita). Aurrera begirako proposamenak ere dakartza liburuak, baita sozializazioari, hizkuntza bilakaerari, aldaketa demografikoari eta lurralde nagusitasunari buruzkoak ere. Baina horietan sakondu gura duenak liburu dibulgatibo horretan bilatu beharko du argi gehiago.