Mende bat Txorierri euskaldunean: zer aldatu da?

Erabiltzailearen aurpegia Txerra Rodriguez

Argazkia: Eulia Abaitua

Zelakoa zen euskararen egoera Txorierrin 1926an? Datu askorik ez dugu, baina esan genezake labur zurrean eta ñabardura asko eginda, Txorierri orain dela 100 urte euskararen arnasgunea zela (seguruenik ez arnasgune betea, baina euskararen transmisioa eta sozializazioa hein handi batean bermatuta zegoen herri eta auzo guztietan).

Sozializazioari buruz ari gara, bai, ze sasoi hartan euskarak bazituen hutsuneak, hutsune handiak. Jakina, euskara ez zen ofiziala, euskara ezin zen modu ofizialean idatziz erabili, euskara ez zen idatzizkoan gaur beste erabiltzen (eta, gainera, Txorierriko ia euskaldun guztiak ez zeuden euskaraz alfabetatuta). Horrez gain, euskaraz ez zegoen ikasterik, ez behintzat gaur egungo indar betearekin. Eta euskararen funtzio batzuk gaur egungoak baino dezente mugatuagoak ziren.

Gaztelaniak ere bazuen presentzia egunerokoan, bai. Euskaldun elebakarrak gutxi izango ziren ordurako (adibidez, 1917an Indalecio Prietok kontatzen zuen harridura puntu batekin Derion Deurika baserrian gizon zahar elebakar bat zegoela) eta euskaldun gehienek jakingo zuten gaztelaniaz (seguruenik ere gaitasun oso diferenteak egongo ziren). Baina Txorierriko euskaldun gehienak hobeto moldatuko ziren ahozkoan euskaraz gaztelaniaz baino.

“Hutsune handi samarrak izan arren, oraindik Txorierri euskararen arnasgune izango zen 1926an”

Ordurako, baina, erdaldunak etorriak izango ziren eskualdera beharrera, trenaren eraginez edo bestelako eragin ba-tzuen bidez, nahiz eta oraindik Txorierri gehien bat nekazaritzari emana bizi.

Esanak esan, eta hutsune handi samarrak izan arren, oraindik Txorierri euskararen arnasgune izango zen 1926an. Baina 100 urte pasatu dira 1926tik. Egoera goitik behera aldatu da, tartean mila gauza pasa dira: gerra bat, 40 urteko diktadura bat, Txorierri asko hazi da (kontuan hartu 1926an Txorierriko herririk txikiena biztanle aldetik Derio zela, ez zela 1000 biztanlera heltzen), nekazaritza nagusi izatetik bazterrekoa izatera pasa da, industria dugu nagusi, aireportua eta ehunka pabilioi industrialak ditugu gurean, zerbitzuak eta Parke Teknologikoak. 

Eta euskarak arlo batzuetan aurrera egin du: irakaskuntzan, udal administrazioan eta idatzizkoan oro har. Baina ahozkoan (eta transmisioan, eta sozializazioan, eta etxean) atzera egin du: gaur egun Txorierrin ez dago arnasgunerik. Larrabetzuk du egoerarik samurrena, baina han ere kale erabileran gaztelania da nagusi.

Atzera begira jarri naiz, baina aurrera begiratzeko. Zein izango da euskararen egoera Txorierrin 2126an? Ez dakit, noski, baina gaurdanik hasi beharko dugu egoera horretan eragiten, berandu baino lehen.