IRITZIA

Auzoko uhinak

Erabiltzailearen aurpegia Udane Goikoetxea 2025eko abenduaren 10a

Sarri, auzoan zer gertatzen dan jakitea be gatx-gatxa izaten da. Batek esan leike, sare sozialak kontsumitzen dodaz, baita telebista be. Lehenengoak azalean erabiliko gaitu (utopia/distopia unibertsoan) eta, barriz, bigarrenak, hegemonikorantz aldendu. Bada, hortxe daukie joko zelaia lekuan-lekuko medioek, mainstream-etik sano bereiztuz, auzoa landuz. 

Medio honeek ulertzen doguz, herri-komunikazioaren eremuan, auzolanerako bihotz edo gune moduan, ez erresistentzia, ez eta −masibotasunagazko harremanean− degradazino legez. Badakigu, Euskal Herriko izaera parte-hartzaileko kazetaritzaren adibide ugari dagozena. Izan be, Euskal Herrian tradizino luzea dago medio komunitarioen, alternatiboen edota gizarte-oinarri zabalekoen inguruan. Gehienak euskararen munduarekin lotuta dagoz eta euskaraz argitaratzen dira.

Badira edukomunikazinoa oinarri dabenak, izan be, gehientsuenen ezaugarria da eta.

Edukomunikazinoak, diziplina arteko eremu moduan ulertuta, komunikabideak tresna pedagogiko legez erabiltzen ditu hezkuntza eta komunikazinoa buztartuz. Baten interesgarria da bere helburua; humanoon trebetasun kritiko eta sortzaileak garatzea. Horretarako, ikaskuntza dinamikoagoa eta parte-hartzaileagoa jomuga izanik, herritarren parte-hartzea eta eraldaketa sozialaren beharrizanaz be badihardu (hezkuntza alfabetatze mediatikotik harago doa, jakina).

Sano polita litzateke auzolana egiteari jarraitzea, baina errealidadeak dinosku batzutan ondoan nor bizi dan be ez dakigula. Bat batean gogoratu dot, saisoi baten, Derion irratia genduala, auzolanean egiten zana.