Karbono dioxidoa jaten duten betaurreko jasangarriak

Erabiltzailearen aurpegia t:Xabier Diaz 2021ko aza. 3a, 07:25

Energiaren prezioak gora eta gora egin duen egunetan agerian utzi da erregai fosilekiko dugun mendekotasuna. Bueno, hori eta energia elektrikoa saltzen diguten enpresa batzuen diruzalekeria ere bai. Baina, goazen harira: mendekotasun hori ez dago bakarrik energiari lotuta. Egin ezazue esperimentu hau: zeuen burura eta ingurura begiratu, eta plastikoa duten gauzak zenbatu. Asko dira, ezta? Bada, horiek gehienak egiteko ere erregai fosilak erabiltzen dira.

Era askotako plastikoak daude, gehienak petroliotik eratorriak: PVC, bakelita, nylona, PET… Plastikoak etorkizuna zirela esaten zen XX. mendean, eta egun erabiltzen ditugun gehienak mende horretan garatu ziren. Gauza guztiek bezala, plastikoek ere euren alde iluna dute: horiek egiteko, energia behar da; batzuk arriskutsuak dira osasunerako; eta degradatzeko denbora luzea behar izateaz gainera, askok ingurumena kutsatzen dute. 

Bioplastikoak jatorri organikotik, batez ere landareetatik, eratortzen dira. Bioplastikoak ekoizteko, karbono dioxido gutxiago isurtzen da eta landarak agortzen ez diren bitartean, haiek ere ez dira agortuko. Gainera, asko biodegradagarriak dira eta, hortaz, ingurumenari ekartzen dioten kaltea murrizten da. Hala ere, guztiak ez dira berri onak: alde batetik, bioplastikoek oraindik ezin dute erabilera arrunteko plastiko asko ordezkatu; bestetik, beste plastikoenarekin alderatuta, euren ekoizpena nahiko garestia da; eta azkenik, zalantza etikoak daude landareak bioplastikoak sortzeko erabiltzearen inguruan, goseteei aurre egiteko baino.

Bioplastikoak karbono dioxidoarekiko neutroak direla esaten da batzuetan. Izan ere, haiek egiteko erabiltzen diren landareek fotosintesiaren bidez finkatzen dute karbono dioxidoa. Ondorioz, plastiko horien degradazioa edo konbustioa gertatzen denean, hartutakoa da berriz atmosferara botatzen dena. Nolanahi ere, esandakoa ez da guztiz-guztiz horrela, ekoizpenean eta garraioan energia kontsumitzen delako, eta gaur egun energia horren zatirik handiena erregai fosiletatik lortzen dugulako.  

Polyhydroxybutyratoa bioplastiko biodregadablea da. Polimero hura zenbait izaki bizidunek sortzen dute estres-egoeretan berotegi efektuko gasak –karbono dioxidoa eta metanoa– xurgatuta. Zergatik ez erabili bioplastiko hori? Bada, Kaliforniako Covalent enpresa hasi da egiten. Mikroorganismo batzuk eta energia berriztagarriak erabiliz, “AirCarbon” biomateriala lortu, eta bioplastiko eta biolarrua garatzen dituzte. Esandako materialez egindako betaurrekoen armazoiak eta gailu digitaletarako zorroak saltzen hasiak dira, eta hori lehenengo urratsa baino ez dela diote. Produktua jasotzen duenean, hura benetan jasangarria den ziurtatzeko, erosleak mikroorganismoetatik bere etxeraino izandako eraldaketa eta energia-kontsumo guztien informazioa eskura dezake, eta informazio hori egia dela bermatzeko, blockchain  bat erabiltzen da.   

Ez dakit karbono dioxidoa harrapatuta egindako betaurrekoak modan jarriko ote diren, baina petrolioa agortu aurretik ingurumena eta geu zaintzen lagunduko diguten materialak behar ditugu; horretan ez dut zalantzarik.

“Petrolioa agortu aurretik ingurumena eta geu zaintzen lagunduko diguten materialak behar ditugu”

 

 

 

 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).