Teknologia neutroa dela esaten digutenean, ez dute kontuan hartzen teknologia garatzerakoan pertsonen alborapenak teknologiara eramaten direla. Inguruan daukadan jende gehiena eskuina bada eta ni neu eskuina banaiz, gitarra berri bat diseinatzen dudanean norentzako gitarra izango da? Eta ez pentsatu norbait izorratzearren egiten dudanik. Hori da ezagutzen dudan errealitatea, besterik ez.
Alde batetik, informazioa prozesatu eta erantzuna ematen duen algoritmoan programatzaileen usteak, jatorriak, egunerokotasunak… txertatzen dira oso era leunean, konturatu barik. Adibidez, euskal gizartean hazitako programatzaile batek, lan eskaintzak aztertzen dituen adimen artifizial batean, indar handiagoa eman lekioke enpresak duen bazkarien kalitateari, gizarte ingelesean hazitako beste batek baino. Beste alde batetik, datuak nondik eta zelan jasotzen ditugun ere eragina dauka.
Amazonek 2014an langileen kontratazioan lagunduko zion ikasketa automatikoko erreminta bat jarri zuen martxan. Adimen artifizialean oinarrituta, milaka curriculum prozesatzeko gai zen oso denbora laburrean, eta hortik bost hautagai idealak proposatzen zituen. Beti gizonezkoak. Algoritmoa aztertuta, ez zirudien inongo alborapenik zeukanik. Zenbait gizonezko eta emakumezkoren curriculumak aztertuta, ezin zen emaitza justifikatu. Zein zen arazoa orduan?
Sistema entrenatzeko, Amazonera ordura arte aurkeztutako curriculumak erabili ziren. Eta gakoa hemen zegoen: gehien-gehienak gizonezkoenak ziren, eta horregatik gehiago baloratzen ziren.
Ezin da esan teknologia neutroa denik; are gutxiago adimen artifiziala. Garenak eta inguruan daukagunak eta zerekin elika- tzen garen guztiz baldintzatzen dute emango duen erantzuna. Adimen artifizialaren laguntzarekin gero eta erabaki gehiago har-tzen dira. Batzuetan, horrelako tresnek har-tzen dute erabakia zuzen-zuzenean. Horregatik, derrigorrezkoa dugu neurriak hartzea alborapen hauek kontuan hartuta, gizarte baztertzaileago bat izan ez dezagun.
Jimi Hendrixek errealitatea moldatzea izan zuen, eskuinentzako gitarra hartu eta egokituz. Baina ez al da hobe hasieratik, izan eskuin, ezker, altu, baju… denentzako gitarrak izatea?