Horrelako operazioek baina, prestakuntza, azpiegitura eta antolaketa sakonagoak behar dituzte, eta bere denbora behar dute. Hasteko, informazio zehatza, eguneratu eta fidagarria behar da, aztertuta, sailkatuta eta neurtuta: “inteligentzia” deritzotena. Arrakasta edo porrotaren, eta eguneratutako datuen arabera, beste ekintza batzuk abia-tzea erabaki behar da ahal den azkarren. Etengabeko informazio fluxu horrek, inteligentzia elikatzen du agintari militarrek erabakirik onenak har ditzaten. Datu kopuru ikaragarria prozesatu egin behar da, ordea: denbora behar da.
2026ko otsailaren 28an, Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek hainbat aire ekintza egin zituzten Iranen, azpiegitura militarrak eta gobernu guneak erasotuz. Ali Khamenei buruzagi gorena eta Irango beste funtzionario batzuk hil eta biktima zibilak eragin zituzten, tartean Shajare Tayebé lehen hezkuntza eskolako ikasle eta irakasleak (168 pertsona baino gehiago). Lehenengo fase honetan, Israelek bakarrik 500 helburu militar jo izana argitaratu zuen.
Aipatu bezala, horrelako eraso bakoitzak, bere berezko plangintza behar du, eta hainbeste hain azkar egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Adituen arabera, ezinezkoa da espioitza masiboa eta propio garatutako adimen artifizial barik: Maven.
Project Maven 2017an abian jarritako EEBBko Defentsa Sailaren ekimena da. Hasieran, ikusmen artifizialean zentratu bazen ere, irudien eta bideon prozesamenduan gobernu agentzien inteligentziarako (egun aplikazio ugari biltzen ditu) hala nola. operazio militarren laguntza, analistentzako datuen integrazioa eta azpiegitura eta aktibo militarren identifikazioa eta kategorizazioa. Dronen, sateliteen eta beste sentsore batzuen datuak integratzen ditu, helburu potentzialak markatu eta giza analistei aurkezteko erabakiak har ditzaten.
Hasieratik zuri beltzak izan dituen proiektua da, zaintza eta espioitzaren arteko mugak inoiz ez baitira argiak izan, ezta horrekin lotuta egon diren enpresen arduradunen eskrupuluak ere.
Googleko milaka langileek protesta egin zuten konpainiaren adimen artifiziala proiektu honetan pertsonak hiltzeko erabili zitekeelakoan, enpresaren adimen artifizialaren erabilera etikoaren gidalerroen kontra. Atzera egin zuen, baina honezkero, badabiltza antzerako beste garapen militar batzuetan.
Maveneko hasierako garatzaile nagusia izan zen Anthropic-ek, horren baitan Claude adimen artifiziala integratu zuen, eta muga batzuk ezarri zituen: ezin izango zen etxeko zaintzarako eta arma guztiz autonomoetarako erabili. Gobernuak murrizketa horiek kentzeko eskatu zionean uko egin zion, eta horren ondorioz, "hornikuntza-katearen arrisku" gisa izendatu zuen eta EEBBetako kontratista, horni- tzaile eta bazkide militar guztiei enpresarekin negozioa egitea debekatu zien.
Orain, Trumpen aliatu garrantzitsuenetakoa den Peter Thielek sortutako Palantir da Maevenen arduradun nagusia, eta eztabaida handia sortu da Gazako eta Iraneko gerran izan duen rolean. Pentagonoak dio edozein ekintza gauzatzerakoan azken erabakia beti dela arduradun militar batek hartutakoa, baina adituek zalantzan jarri dute horrela denik. Arinago aipatu bezala, sistema azkarrenak erabilita ere, denbora behar da eta ez dute uste ekintza kopurua kontutan hartuta egon denik.
Adibide bezala, Shajare Tayebéko erasoa jartzen dute. Adimen artifizialak azpiegitura militar etiketa jarri zion eskolari, eta ekintza proposatu. Gizaki batek hartu bazuen erabakia, ez zen akatsaz ohartu?
‘Paths of Glory’ filmean, Stanley Kubrikek garbi uzten du ezin direla erabaki militarrak, ez soldadu, ez biktimekiko inongo enpatiarik ez duten jeneralen esku utzi. Egokia da orduan inongo sentipenik ez duen algoritmo baten menpe uztea?