Positibismoaren aroa

Erabiltzailearen aurpegia Alaia Saenz Orbe 2026ko uztailaren 13a

Byung- Chul Han-ek gaur eguneko positibotasunaren indarkeria salatzen du. “Nahi baduzu, ahal duzu” entzuten dugu nonahi, eta onuragarria dirudien sinesmen horrek gizartea permisibitatez eta tolerantziaz jantzi du. Izan ere, itxaropena, ekimena eta autokonfiantza bezalako balioak bultzatzen dituen mezu sasipositibo hau pixka bat urratuz gero, konturatuko gara norbanakoari uzten diola erantzukizun osoa, eta baldintza sozioekonomikoen garrantzia gutxiesten duela.

 

Nahi baduzu, ahal duzu; beraz, zurea da meritu eta erru osoa eta, aldi berean, ni ezin naiz zure kontuetan sartu, ez epaitzeko ezta konfrontatzeko ere. Bakoitzak bere proiektua, bere bizitza, bere balioak ditu eta erlatibismo horretatik kritika, desadostasuna edo balio unibertsalagoen defentsa inposizio edo erasotzat hartzen da. Beste alde batera begiratzea, berriz, tolerantziaren ikurra bihurtu da.

Ez-ikusiarena egiten dugu makro zein mikro arazoen aurrean. Ur handitan sartu barik, gure inguru hurbilean denok ditugu adibideak. Nor ausartzen da, adibidez, berea ez den ume baten jokabidea zuzentzera?

Positibotasunaren indarkeriak hezkuntzan eragin zuzena izan duela uste dut”

Positibotasunaren indarkeriak hezkuntzan eragin zuzena izan duela uste dut. Alde batetik, irakasleari gero eta gehiago kostatzen zaiolako ikasleak suspenditzea familiaren erreakzioaren beldurragatik (ondoko herri batean, guraso batzuk abokatu bat kontratatzera iritsi dira gai honengatik) eta, bestetik, ikasleak espero bezain nota ona ateratzen ez duenean, frustrazioa, etsipena eta antsietatea sentitzen dituelako. Batxilergora iritsi arte sinestarazi diotena -ahaleginduz gero, bikaina lortuko zuela- bat-batean bolizko dorre baten gisa erortzen da.

Denok dakigu eroriz ikasten dela oinez, baina ez huts egite hutsagatik; aitzitik, akats horien inguruan hausnartzeagatik eta noberak zein besteek proposatutako aldaketa eta zuzenketak gauzatzeagatik. Hortaz, positibotasunaren indarkeriaren aurrean, aldarrika dezagun negatibotasunaren balioa.